Bi emakume donostiarren ibilbidea aitortu dute Kutxa Fundazioaren Inspira Gaztea Sariek

Bost emakumeren ibilbide eta proiektuak aitortu dituzte aurtengo Inspira Gazteak Sariek, horietako bi, Maddi Goikoetxea donostiarra eta Sofia Sousa Donostian bizi den portugaldarra izan dira. Ostegunean ezagutarazi zituzten aurten jasotako 120tik gora proposamenen artean Kutxa Fundazioak hautatutakoen izenak, eta bakoitzak 15.000 euro jasoko du “ibilbide inspiratzaile hauei jarraipena eta babesa emateko”.
Irabazleak izendatzeko Aizpea Goenaga, Blanca Zaragueta, Ion Irurtzun, Aitziber Sarobe eta Felix Arrietak izan dute. Epaimahaiak gazteek aurkeztutako proposamen guztiak aztertu, eta ondoren, hamabost finalistekin banakako elkarrizketak egin dituzte, haien proiektuak sakon ezagutzeko eta ulertzeko. “Saridunen ibilbideak ilusionagarriak, sinesgarriak eta sendoak dira, eta haien grina eta konpromisoa kutsakorrak. Euskal Herriko etorkizuna itxaropenez betetzen duten eragile inspiratzaileak dira” adierazi zuen epaimahaiko lehendakari Goenagak sari banaketa ekitaldian.
Saridunak
Maddi Goikoetxea Juanena 30 urteko donostiarra da. Artea eta sormena baliatuz, esperientzia eraldatzaile bat proposatzen du, norberaren burua eta inguruko errealitatea ezagutu eta ikuspuntu kritiko bat garatzen laguntzeko. Gizarte Antropologia eta Antzerkia ikasi ditu, eta hainbat arlotan aritu da lanean, hala nola, hezkuntza, osasuna, garapenerako lankidetza, euskalgintza edota kultura; lankidetza tailerrak emanez eta proiektuak garatuz. Nabarmentzekoak dira, 2023an Martuteneko emakume presoekin garatutako Emakume sortzaileak barroteen atzean egitasmoa edo EHAZErekin Euskal Herriko antzerki eskolen inguruan egindako ikerketa eta ondorengo argitalpena Ura jaten: antzerkia, prestigio soziala eta prekarietatea Euskal Herrian.
Sofia Luisa Soares Ferreira ikerketan eta dibulgazio zientifikoan murgilduta dago, eta 2022an Gipuzkoara iritsi zenetik, zientzia inspirazio iturri diren istorio bihurtzen du. Gaur egun, Europar Batasunaren Marie Skłodowska-Curie proiektu batean ari da lanean; horri esker, bere ikerketa eta dibulgazio-jarduera eskualdean garatzen ari da. Horrez gain, European Magnetism Association-eko talde bat koordinatzen du eta CIC nanoGUNEko Genero Berdintasun Batzordeko buru da. Azkenik, dibulgazio-ekimen ugaritan parte hartu du, besteak beste, Emakumeak Zientzian eta Native Scientists proiektuetan.
Gainerako hiru irabazleak Maite Ponferrada eskoriatzarra, Ainhoa Bereziartua errezildarra, eta Alkizan bizi den Shrabani Aranzabe-Pita indiarra dira.