Donostiara itzuli da Batzar Nagusien Bilkura Ibiltaria, 23 urteren ondoren

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Bilkura Ibiltaria egin dute gaur, Donostian. Hain zuzen ere, 2002an egin zuten lehena Gipuzkoako hiriburuan. Horrela, 23 urte geroago, Donostiara itzuli da.
Bilkura Ibiltariaren protokoloa zorrotz bete dute. Eneko Goia alkateak aginte makila eman dio Xabier Ezeizabarrena batzar nagusietako presidenteari. Ondoren, ohorezko aurreskua dantzatu dute udaletxearen aurrean, eta Batzar Nagusietako Ohorezko Liburuan sinatu dute Ezeizabarrenak, Goiak eta Eider Mendoza diputatu nagusiak.
Udaletxeko udal batzar aretoan egin dute bilkura, eta Goia izan da hitz egiten aurrenekoa. Jarraian, Ezeizabarrenak hartu du hitza, eta hurrengo urteko Bilkura Ibiltaria Hernanin izango dela aurreratu du.
Ezeizabarrenak hiru osagai nabarmendu ditu bere hitzartzean: “euskara, berdinzaletasuna eta askatasuna”. Haren arabera, hiru horiek dira Gipuzkoaren eta Euskadiren oinarriak, eta XXI. mendeko “euskal identitatea pentsatzeko” ere baliotsuak direla gaineratu du.
“Etorkizuna eraiki behar denerako politikan argi luzeak” behar direla esanez, adibide gisa jarri ditu “gizarte kohesioa, Gipuzkoako ezaugarrietako bat” nahiz ikerketa eta garapenean iritsitako maila Gipuzkoan eta Donostian. “Hau ez da inprobisazioaren emaitza”, baizik “konbentzimendu” batena, “Gipuzkoa eta Euskadi eraikitzen ari garela”. XXI. mendeko erronkei erantzuteko erroen eta kontzientzia historikoaren garrantzia nabarmendu du: “Modernoa izatea ez dago kontzientzia historikoaren aurka; are gutxiago munduari aurrera eragin dioten euskal balio historikoen aurka”, eta “kontzientzia historikorik gabe, modernismo alienatzaile batean erortzeko arriskua” ikusten du.
Migrazioak dakarren aniztasunaren harira, “herri batean bizi garela” ohartarazi eta integrazioa eta errotzea defenditu du foru politiken eta Hezkuntza Sailaren murgiltze programen bidez: “formazioak eta lanak gizarteratzen ditu etorkinak” eta “euskarak bertakotzen herri honetan”, bereziki belaunaldi gazteenak euskaldunduz. Euskara dela eta, “ardura politikoa dugunok euskaraz egiteko eskubidea sendotu behar dugu legearen babesaz eta euskalduntzen ari den herria errespetatuz”, adierazi du Ezeizabarrenak.
Euskal identitatearen ezaugarrietan sakontzean, besteak beste Mitxelena eta Humboldt aipatuz, Ezeizabarrenaren arabera, “herri ikuspegia izan zutenek asmatu zuten justizia soziala funtsezko politika zela” erabaki zutenean: “bakearen aurpegietako bat da gizarte kohesioa eta herri eraikuntzaren zutabe bat”, erantsi du. Lortutakoa “ez da hutsetik egin”, dioenez. “Euskal berdinzaletasun edo igualitarismoa” giza duintasunaren garapen gisa ageri da “euskaldunak bere burua defenditzeko” hautatua, Erdi Aroko feudalismoari erantzuna, jopu izatea baztertuz.
Bestalde, Trumpen aurkako No kings mugimendua aipatuz, AEBetako konstituzioa egiteko, besteak beste, euskal foruetan inspiratu zirela gogorarazi du Ezeizabarrenak: “Euskal herriak bere gauzetan agintzeko eta askatasunez erabakitzeko eskubidea munduko konstituzio modernoenaren oinarrian egon zela esateko”. Izan ere, “gure eskubide historikoak herri honen askatasun politikoa, soziala eta kulturala dira, herritarren borondate askearen bidez eguneratzen direnak”.