Kresala dantza taldea Poloniako Ulica jaialdian izango da, 'Hitaz Orhoit' ikuskizunarekin

Kresala dantza taldea Krakovian (Polonia) izango da uztailaren 4tik 14ra, Hitaz Orhoit ikuskizunarekin. Obra hori gerren “basakeria eta zentzugabekeriaren biktima ikusezinen omenez” sortu zuten, eta emakumeak dira protagonista gehienak. Jerzy Zon, Ulica jaialdi ospetsuaren eta Kto antzokiaren zuzendari artistikoak iaz Kresalaren emanaldia Euskal Herrian ikusi ondoren, aurtengo edizioan parte hartzera gonbidatu zituen, Poloniako hiriko espazio esanguratsuenetan hamaika pase burutzera. Horrela, talde donostiarrak udako agenda estua izango du hileko lehenengo hamabostaldian egingo den arte eszenikoen erakustaldian, “Europa erdialdeko dantza feria garrantzitsuenetakoan”.
Gai korapilatsua
Zuzendari nagusi Jerzy Zonek honela azaltzen du bere aurkezpenean: “Aurten ikusiko dituzuen emanaldiak zorionez oraindik ere gizarte zibilizatu oro mintzen, interpelatzen eta asaldatzen duten gaiei buruz hitz egiten duten ekoizpenak dira. Horrela, dantza protesta, erresistentzia eta komunitatearen agerpenerako tresna bihurtzen da. Gure jaialdiaren indarra kaleko eszenan datza, artistaren eta ikuslearen arteko banaketak ezabatzen baititu, artearen eta eguneroko bizitzaren artekoak. Horrela dantza inoiz baino beharrezkoagoa da gaur egun. Ez bakarrik arte gisa, baizik eta munduan duen presentziaren forma gisa. Dantzatu, dantzatu, madarikatuak”.
Aurtengo edizioaren gaia migrazioa eta mundu mailako gerren areagotzearen ondorioz exodo masiboen moduan sortzen diren desplazamenduei buruzkoa da. Dantza garaikidearen, dantza bertikalaren, antzerki-dantzaren, maskara-antzerkiaren, euskal dantzaren, performance-n, zirku akrobatikoaren eta kaleko antzerkiaren diziplinetatik landutako ekoizpenak dira, beste lengoaia eszeniko askoren artean. Baita musika klasikoaren, hip-hoparen, operaren, musika elektroniko eta elektro-akustikoaren, pop-rockaren, euskal musikaren, ganbera-musikaren, orkestren eta antzinako ensemble doinuen fusioak ere emango direnak.
Askotariko proposamenak
Krakovian egongo diren konpainien kalitate artistikoa “goi mailakoa” dela jakinarazi du Kresala dantza taldeak. Parte hartzaileen erdiak poloniarrak dira, hala nola Varsoviako Konin Dance Theatre, Jakub Kabusen Hom Theatre, Biuro Podrózyren Migro Theatre, edota Kacper Szklarski eta Katarzyna Leszek bakarlari ezagunak. Gainerakoak nazioarteko konpainiak dira, besteak beste Hego Koreako Modern Table Dance Company, Frankfurteko Antagon Theater, Belgikako Deronde-Deroo, Euskadiko Kresala, Estoniako Big Wolf, Tournefeuilleko Tètes de Mules, Herbeheretako Tinaninani, Busaneko Icontact, Budapesteko Bence Sakardi eta Txekiar Errepublikako Moravo Teatroa.
Kresalak Hitaz Orhoit 2023an estreinatu zuen gatazka beliko eta sozialen aurrean giza eskubideen aldeko “dantza eraldatzailea eta sendagarria” den ikuskizuna, errealitatearen plano batetik bestera doana. Faustino Aranzabalen zuzendaritzapean, obraren protagonista nagusiak emakumeak dira, “historiaren itzal bazterrean mendeetan ahaztuak izan direnak”.
Tere Irastortza, Itxaro Borda eta Miren Agur Meaberen poemek obra goitik bera hezurmamitzen dute, poesia dantzaren giltzarria bilakatuz. Bertan, eszenaratze emozionalen bidez, dantza antzerki sorkuntza molde berri baten eredua aurkezten da, drama tradizional garaikidea proposatuz, espazio eta denboratik kanpo kokatzen dena, bizipen unibertsalak biziki adierazten dituena.