Naturaren «mundu txiki eta liluragarriena» ezagutzeko erakusketa

Cristina Enea Fundazioak Intsektuak erakusketa aurkeztu du. Irailaren 14ra bitarte ikus daiteke Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxean. Familiak intsektuen munduaren aberastasun, aniztasun eta konplexutasunera hurbiltzeko doako aukera da. Fundazioak prestatu du Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoarekin lankidetzan.
Ibilbide atsegin, irisgarri eta ikusizko eta zentzumenezko baliabidez beteriko baten bidez, erakusketa berezi honetara hurbiltzen diren pertsonek erabat ezezaguna zaigun mundu baten alderdi ugari ezagutu eta esperimentatu ahal izango dituzte: intsektuena. Izaki horien forma eta kolore harrigarrienetatik hasi eta hainbat ingurunetara egokitzeko estrategia sofistikatuetaraino, hori guztia Cristina Enea parkearen bihotzean aurkitu ahal izango da.
“Cristina Eneako egoitza leku ezin hobea da gure hirian ingurumen-zabalkundea egiteko, eta erakusketa hau horren adibide bikaina da. Intsektuak erakusketak aukera ematen digu izaki txiki horiek planetaren orekan duten garrantzia berraurkitzeko, modu hurbilean eta eskuragarrian. Plan ezin hobea da udan familian gozatzeko, modu ludikoan ikasten eta esploratzen, Cristina Enea parkean”, azaldu du Iñigo Garcia Ingurumen zinegotziak.
Inklusiboa eta parte hartzailea
Erakusketa ikuspegi inklusibo eta parte hartzailetik sortu dute: testuak irakurketa errazera egokituta daude eta pieza asko ukitu ere egin daitezke, esperientzia zuzenagoa eta esanguratsuagoa ahalbidetuz. Eneko Calvo Etxarte erakusketa proiektuen teknikariak nabarmendu duenez, “erakusketa hau guztiz bat dator publiko guztientzat pentsatutako kalitatezko ingurumen dibulgaziorako dugun bokazioarekin. Biodibertsitatea arriskuan dagoen une honetan, uste dugu funtsezkoa dela honelako espazioak sortzea, txikiari hurbiletik begiratzera gonbidatzen gaituztenak, askotan oharkabean pasatzen dena, eta, hala ere, planetako bizitzari eusten diona”.
Erakusketa Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoak ekoitzi du, eta narratiba argi eta inguratzailearekin diseinatuta dago. Informazio panelen, proiekzioen, ukipen elementuen, lupen, material grafikoen eta 3Dko piezen bidez egituratzen da. Horiei esker, jendeak modu aktiboan jardun eta sakondu dezake edukian. Marie-Anne Reynell Zientzia Museoko garapen zuzendariak dioenez, “pertsona guztientzako leku atsegina izatea nahi izan dugu, salbuespenik gabe”.