Udaleko eta aldundiko ordezkariek elkarrekin gaitzetsi dute larunbateko sexu erasoa

Gipuzkoako erakundeetako ia ordezkari guztiek -besteak beste, Eider Mendoza ahaldun nagusiak, Eneko Goia alkateak eta Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidenteak- elkarretaratzea egin dute asteazken eguerdian udaletxe parean, larunbat gauean emakume batek Aiete auzoko asentamendu batean jasandako sexu erasoa gaitzesteko. Udaltzaingoak hurrengo egunean atxilotu zuen ustezko erasotzailea, eta espetxeratu egin dute, epailearen aginduz.
Donostiako Udalak atzo deitu zuen protesta isila, eta bertan izan dira udal talde guztietako zinegotzi ugari, foru diputatuak, alderdi guztietako batzarkideak eta Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua. Udalean egindako Batzar Nagusien osoko bilkura ibiltariarekin bat etortzeak batasun instituzionalaren irudia eman du, horren ohikoa ez dena.
Ekitaldiaren amaieran, Eneko Goia alkateak hedabideen aurrean azpimarratu duenez, “Bozeramaileen Batzordeak aho batez erabaki zuen deialdi hori, horrelako sexu-erasoak gogor gaitzesteko eta biktimari elkartasuna adierazteko”.
Goiak, gainera, momentuko balio sinbolikoa azpimarratu du: “Gaur Udaletxean egin den osoko bilkura ibiltariak balio izan du, halaber, ordezkaritza politikoak sexu-indarkeriari buruz duen adostasuna irudikatzeko”.
Amaitzeko, alkateak mezu argia helarazi nahi izan du: “Lurraldeko erakundeetako ordezkari ia guztiak ekitaldi honetan egoteak argi eta garbi erakusten du Gipuzkoako gizarte osoaren oihu ozen eta argia dela”.