Casamance ezagutarazteko festa egingo dute larunbatean Grosen

Ekol Senegal eta Casamance Kultur Etxeak topaketa egingo dute larunbatean Groseko Santa Clara Surf dendan, 17:00etatik 22:00etara arte. Hirugarren urtez batuko dira kultura, artea, ingurunea, tradizioa eta Senegal hegoaldeko eskualde horretara bidaia kontzienteak zabaldu eta sustatzen dituzte bi elkarteak.
Festan, besteak beste, arroza dastatu, Pana DJ-aren musikarekin dantzatu eta emakumeek egindako produktuen azoka txiki bat jarriko dute. Halaber, Monica Rodriguez Garciaren Vidas pegadas a un hilo-Retazos y estampas de Senegal collage koadroen erakusketa ikusgai izango da; baita Antonie Diallo senegaldarrak sortutako zeramika tradizionaleko piezen bilduma ere. Horrez gain, zozketa solidario bat antolatu dute. Txartelak 3 euroan salgai daude eta lortutako etekinak Casamarceko Eloubaline uharteko haurrei udalekuetara joateko bekak emateko erabiliko dira. Bizum bidez ere eros daitezke 655 60 14 63 telefonoaren bidez. Zozketaren irabazleak, aldiz, Monica Rodriguezen koadroetako bat jasoko du.
Jardueraren xedea Senegalgo eremu eder horren aberastasun kultural eta naturala ospatzea eta hango tradizioak, artea, gastronomia eta paisaia balioestea da. Larunbateko hitzorduaren antolatzaileetako bat den Mariana Santosek azaldu duenez, Ekol Senegalek aurten Casamarcera antolatutako bidaietan parte hartu duten pertsona guztiak deitu dituzte topaketara, eta era berean, donostiarrak gonbidatu ditu festara, hango kultura hobeto ezagutzeko.