Donostiako hamar proiektuk jaso dituzte Herritarren Partaidetza Saileko diru laguntzak

Herritarren Partaidetzako Zerbitzuaren 2025 diru laguntzak onartu ditu Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak. Horien bidez, hiriko hamar proiekturen artean banatuko dituzte diru laguntzen 26.955,55 euroak.
Hauek dira diruz lagunduko dituzten elkarteak Elkarrekin Koop. Elk. Txikia, Lotura Giza Garapena Koop. Elk. Txikia, Zehar-Euskadi, Altza XXI Herri Ekimena, Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkartea, Elkartu (Desgaitasun Fisikoa duten pertsonen Gipuzkoako Federazio Koordinatzailea), Bagera Donostiako Euskaltzaleen elkartea, Aranzadi Zientzia Elkartea, Uliako Auzo Elkartea eta Junior Enpresa Gako Ikasle Elkartea. Iaz baino hiru elkartek gehiagok jaso dituzte laguntza horiek, eta Partaidetza Sailak horretarako zegoen diru sail osoa banatu dute horregatik.
Guztira, hogei proiektu aurkeztu ziren diru laguntza horien deialdira, baina zazpi udaleko beste sail batzuetara bideratu dituzte eta hiru baztertu egin dituzte, “deialdiaren xedearekin bat ez datozelako”, udalak azaldu duenez. “Ekarpen ekonomiko hauek gizarte mugimenduen lana sustatzeko helburua dute, gizarte sare kritiko, sortzaile, autonomo eta erreferentziala ahaldundu asmoz, elkarlana eta elkar ezagutza handitu eta gizarte kohesioa indartze aldera”, nabarmendu du udalak.
Auzo elkarteak
Bestalde, hiriko auzo elkarteen mantenu gastuei aurre egiteko diru laguntzak ere banatu ditu Partaidetza Sailak; guztira, 43.418,45 euro, 25 elkarteren artean: Ulia, Herrera, Txomiñenea, Martutene, Altza (Altzagaina, Larratxo, Herrera, Oleta), Intxaurrondo (bi elkarte), Bera Bera, Gros, Ibaeta, Amara, Amara Berri, Aiete, Egia, Loiola, Loiolako Erribera, Bidebieta, Parte Zaharra, Morlans, Berio eta Añorga (bi elkarte).