Donostiako taxilari bati eraso egin dio gizon batek
Radio Taxi Donosti elkarteak "gaitzespenik sakonena" adierazi du Donostiako emakume taxilari batek lan egiten ari zen bitartean gizon baten partetik pairatutako erasoaren aurrean.

Radio Taxi Donosti Elkarteak salatu duenez, Donostian zerbitzua eskaintzen ari zen emakume taxilari batek gizonezko baten erasoa jasan zuen asteazken goizean (hilak 2): “Gertakariak dagoeneko salatu dira agintarien aurrean, eta egoerak merezi duen irmotasun guztiarekin jardutea espero dugu”. Elkarteko abokatuak nabarmendu du taxilariak “irmotasunez” jokatu duela salaketa jartzean, eta elkartetik “une oro” lagunduko diotela “defentsa eta erreparazio prozesuan”. Era berean, “babes, elkartasun eta maitasun guztia” helarazi diote emakumeari.
Joera orokor baten testuinguruan kokatu erasoa elkarteak: “Egunez egun, herritarrei mugikortasun zerbitzu publikoa eskaintzen dieten taxilariok eta langileok sentitzen dugu azkenaldian gure sektorearekiko gorroto diskurtsoa ezarri dela. Pertzepzio hori zabaldu egin dute, hein batean, komunikabide jakin batzuek, eta aurkako giroa sortzen ari da, normalizatu ezin dena eta normalizatu behar ez dena”.
Ildo horretatik, “hausnartzera” deitu dute gizartea: “Agian, iritsi da garaia, gizarte gisa, taxiaren inguruan gertatzen ari denari buruz hausnartzeko. Gogoratzeak min ematen digu, batzuetan ahaztu egiten zaigulako: ibilgailu bakoitzaren atzean egunero modu autonomoan lan egiten duen pertsona bat dago, familiako gurasoak, bizimodua duintasunez atera nahi dutenak, gainerako herritarren moduan. Eskatzen dugun gauza bakarra errespetua da: gure pertsonarekiko eta gure lanarekiko. Gertatutakoa ez da tamalgarria soilik: onartezina da. Ezin da onartu komunitatea zerbitzatzen dugunok erasoak jasatea, gure lana egite hutsagatik”.