Goiaren «gardentasun falta» eta San Bartolomeren inguruko «ziurgabetasuna» salatu dituzte

San Bartolomeren hegalean parke publiko bat jartzea proposatu zuen Elkarrekin Donostiak, pasa den asteko ekaineko udalbatzarrean. Ordea, mozioaren kontra bozkatu zuten EAJk eta PSE-EEk. Horren harira, agerraldia egin du gaur San Bartolomeko Herritarren Plataformak.
Victor Lasa Elkarrekin Donostiaren bozeramaileak eta Odon Elorza alkate ohiak hitz egin dute, plataformaren izenean. Udal gobernuko bi alderdien jarrerarekin “desengainua” hartu dutela adierazi dute. “Ez dago arrazoi juridikorik hegal osoa berdegune gisa berreskuratzeko. Ordea, udal gobernua ez dator bat parkearen helburuarekin”, azaldu du Elorzak. Horrekin batera, “kezkatuta” agertu da Eneko Goia alkatearen jarrerarengatik: “Sei hilabetez luzatu dio inbertsio funtsari merkataritza guneko eta aparkalekuko obra lizentzia, azalpenik eman gabe”.
Lasak, berriz, alkatearen “gardentasun falta” salatu du, San Bartolome Muinoa sozietateak eta Midfield Capital inbertsio funtsak sinaturiko salerosketa kontratua argitaratu ez dutelako. “Oraindik ez ditugu ezagutzen sozietateak 2008an sortu zenetik dituen kontuak, ezta administrazio kontseiluetako aktak ere. Gainera, udal gobernuko hiru ordezkari esertzen dira sozietatearen bilkuretan donostiarren ordezkari gisa”, gaineratu du. Gardentasun Legearen ondorioz, eta udal gobernuak kontratua ezagutzera ematen ez duenez, eskaera berraztertzeko errekurtsoa aurkeztuko dute.
Borondate eza
San Bartolomeko Herritarren Plataformak dio “espekulazio ariketak” bere horretan jarraitzen duela, hori delako enpresa eraikitzaileen eta inbertsio funtsaren asmoa. Horrekin batera, Goiak interes orokorra defendatzeko “borondate falta” duela deitoratu du Elorzak.
Blokeo egoerari aurre egoteko, plataformak berriz ere eskatu du San Bartolomeko hegala parke publiko gisa berreskuratzeko: “Eta donostiarrei adierazten diegu mendi hegal berde horretan aplikatu nahi den edozein esku-hartzeren aurka egingo dugula, eraikuntza enpresek gainbalioak lor ditzaten”.
Agerraldiaren bukaeran, Elorzak nabarmendu du “hiria zutik jarriko” dela San Bartolomen Manteoko “ideia txarra” errepikatu nahi badu.