Horma irudi ekofeminista bat inauguratuko du bihar Calcuta Ondoan erakundeak Intxaurrondon
Antzeko ekitaldiak egingo dira aldi berean Indian eta Argentinan, Calcuta Ondoan elkarteak herrialde horietan laguntzen dituen proiektuetan.

Horma irudi ekofeminista bat inauguratuko dute bihar Intxaurrondon, “emakumeen indarra eta naturaren eskubideen aldeko konpromisoa ospatzeko”. Calcuta Ondoan Gobernuz Kanpoko Erakundearen ekimenez egin dute, Txaparrene pasealekuan, 23. zenbakian. Hain zuzen ere, bertan izango da inaugurazio ekitaldia, 10:00etatik 14:00etara, eta jai giroan ospatuko da, musika zuzenean eta elkartzeko eta ospatzeko gune irekiarekin.
Horma irudia Jone Taberna artistak sortu du, eta Calcuta Ondoan erakundeak Erroak elkarteko emakumeekin elkarlanean bultzatutako prozesu baten emaitza da. “Proiektu honek helburu izan du ikuspegi ekofeministatik kontakizun eraldatzaileak ehuntzea eta emakumeak aldaketa sozial eta ekologikoaren erdigunean kokatzea”, jakinarazi dute.
Azken hilabeteotan, emakume horiek Cristina Enea Fundazioan egindako tailer parte hartzaileetan aritu dira, Calcuta Ondoaneko hezkuntza teknikariarekin batera. Bertan, ekofeminismoaren oinarriak eta proposamenak landu dituzte, zaintzaren garrantzia, justizia soziala eta naturarekin dugun harremana jorratuz, hausnarketa kolektibo eta esperientzia partekatuen bitartez.
Irudiaren inguruko xehetasunak ere eman dituzte: “Sortutako horma irudia arte esku-hartzea baino gehiago da: ahalduntze, elkarrizketa eta eraikuntza kolektibo prozesu baten emaitza da. Helburua da emakumeen jakintzak eta bizipenak balioan jartzea eta haien ahotsa espazio publikoan ikusgai egitea”.
Tabernaren irudiak prozesu horren sinbolismoa jaso du, “gorputzen, lurraldeen eta ingurumenaren arteko lotura” azpimarratuz. Aldi berean, egungo eta etorkizun bidezkoago, jasangarri eta parekideago bat aldarrikatzen du.
Inaugurazio ekitaldia herritarrentzat irekia izango da, eta aurrerantzean, horma irudi honek “erresistentziaren eta itxaropenaren sinbolo gisa” jardungo duela nabarmendu dute.
Antzeko ekitaldiak egingo dira aldi berean Indian eta Argentinan, Calcuta Ondoan elkarteak herrialde horietan laguntzen dituen proiektuetan. Calcutatik gertu dagoen herrixka batekin eta Cordobako (Argentina) auzo marjinal batekin konektatuko da egunean zehar eta sormen prozesuen argazkiak eta bideoak erakutsiko dituzte.