Lauaxeta eta Gabriel Aresti idazleak izango dira protagonistak

Bihar hasi eta hilaren 13ra arte egingo dute 50. Donostiako Liburu Azoka, Gipuzkoa plazan. Euskadiko Liburu Ganbarak antolatzen duen azokak bi idazle omenduko ditu: Estepan Urkiaga Basaraz Lauaxeta eta Gabriel Aresti. Izan ere, 120 urte bete dira Lauaxeta jaio zenetik, eta 50 urte aresti hil zenetik.
Hogei postu izango ditu azokak eta %10eko deskontua egongo da liburuak eskuratzeko. Ordutegiari dagokionez, 11:00-14:00 eta 17:00-21:00 orduen artean egongo da zabalik.
Aurten ere, liburu aurkezpenak egingo dituzte Plaza Berriko Liburutegi Nagusiko Mandasko Dukearen aretoan:
- Uztailak 4, ostirala, 10:30. Azpijokoa Azpiazun. Iñaki Dorronsoro. Idazlea bertan egongo da.
- Uztailak 9, asteazkena, 10:30. Gaua harago bultzatuz. Bertan Mario Calabresi idazlea eta itzultzaileak izan diren Lurdes Auzmendi eta Koldo Biguri egongo dira.
Bestalde, Pamiela argitaletxearen eta Kaxildaren postuan, 3 urtetik aurrerako haurrentzat eta familientzat, ipuin kontaketa eta tailerra egongo da. Gainera, Amarako Kaxilda liburu dendan ere liburu aurkezpenak egingo dituzte.
Aurten, Euskadiko Liburu Ganbarak UNICEFen #ArkatzakEtaTxertoak erronkarekin bat egin du, munduko milaka haurrei bai elgorriaren eta polioaren aurkako txertoak bai haien hezkuntza bultzatzeko arkatzak eramateko. Horregatik, Donostiako Liburuaren Azokara hurbilduko diren egileei erronkarekin bat egiteko eskatu diete, sareetan erronkarekin bat egiten dutela adieraziz.