Udal gobernuak Bretxarako aurkeztutako proiektua gaitzetsi du EH Bilduk

“Auzoko behar historikoak eta lehen sektorekoak baztertuz, udal gobernuak Bretxarako eta Bretxako plazarako aurkeztutako proiektu berriak kudeaketa pribatua eta ostalaritza jarduera “lehenestea” gaitzetsi dute EH Bilduko Itziar Iturri zinegotziak eta Juan Karlos Izagirre bozeramaileak. Horren aurrean, lau aldarri nagusi aurkeztu dituzte: Bretxan kudeaketa publiko osoa bermatzea, ostalaritzaren jarduera gehiago ez baimentzea Parte Zaharrean, baserritarren presentzia eta lan-baldintzak babestea, eta auzoko beharrak lehenestea, kirol gunea eta adinekoentzako zentroa barne.
Itziar Iturri zinegotziak gogoratu du 2023tik negoziatzen ari dela udal gobernurekin Bretxaren kudeaketarako irtenbide publiko bat adosteko. Baldintza gisa, espazioaren publikotasuna eta sortutako espazioak auzoari bideratzea zeuden. Oroitarazi du, halaber, 2024ko apirila eta maiatza bitartean Parte Zaharrean egindako galdeketan, bizilagunek argi adierazi zutela Bretxaren publifikazioarekin libre geratzen ziren espazioetan kirol gunea eta adinekoentzako zentro bat hobesten zituztela. Galdeketaren emaitzetan oinarrituta, EH Bilduk proposamen zehatzak helarazi zizkion bai udalari bai Donostia Sustapenari, eta negoziaketek oraindik irekita jarraitzen dute.
Arrandegi eraikinean azoka 0 solairura igotzea eta Baikak utzitako postu libreak azoka handitzeko baliatzea ontzat jo du. Lehen solairuan, aldiz, jarduera ekonomiko iraunkorrak proposatu dituzte, lehen sektorearekin, azokarekin eta tokiko merkataritzarekin lotura dutenak. Horien artean, espazioa kontsumo kooperatiba bati lagatzea proposatu zuen EH Bilduk, “baserritarrak, 0 km filosofia eta tokiko merkataritza ardatz» izango lituzkeena. Halako formulak arrakastatsuak dira Igeldo, Azpeitia edota Oiartzunen, eta auzoarekin kontrastatutako proposamena dela gaineratu du Iturrik.
Bestalde, Juan Karlos Izagirrek adierazi du Arrandegi eraikineko lehen solairurako aurkeztutako proiektua ez dela berria, 2011-2015 legealdiko Baikaren proiektuaren antzekoa baita. Bere ustez, honek udal gobernuaren “ideiarik eza” agerian uzten du. “Proiektu hau ez da berritzailea, eta berriro ere kudeaketa pribatua ekarriko du”, zehaztu du eta gaitzetsi, espazio publikoa okupatzeko berriro ere ostalaritza erabiltzea, “auzoaren beharrei edo proiektu egokiagoei bizkar emanda”. Parte Zaharreko saturazioa dela eta jarduera horrekin ezin dela jarraitu ohartarazi du. “Mingarria da horrelakoak planteatzea non eta Parte zaharreko bihotzean, eta oraingoan ere galdetzen dugu: ez ote dago hirian aproposagoa den beste lekuren bat horrelakoak planteatzeko, zonalde degradatuak birgaituz eta auzoak biziberrituz, aurretik bizilagunekin adostuz?”.
Baserritarrak, kaltetuak
Baserritarrei dagokienean, Izagirrek salatu du Arrandegia eraikina barrura lekualdatzeko udal gobernuaren asmoa, “baserritarren borondatearen kontra”. Gogorarazi du duela sei urte, Arkoak eraikinaren ondoan espazio estali bat adostu zutela eta, orain, akordio hura urratuz, plaza utzi eta barrura joatea inposatu nahi zaiela. “Baserritarrak plaza publikoan egon nahi dute, ikusgai, ez espazio itxi batean ezkutatuta. Horrek baserritarrak ikusezin bihurtzen ditu, eta horien lana ikusarazi beharrean, trabak jartzen dizkie”, nabarmendu du.
Oztopoen artean, mugikortasun neurri berriek sarbidea galarazi diete baserritarrei, horren ordez, Aldamar kalera bideratu dituzte. EH Bilduren iritziz, espazio horrek ez ditu beharrezko baldintzak betetzen eta galdegin du zergatik baserritarrei ez zaizkien ematen ostalaritza eta merkataritza banaketa kamioiei eta furgonetei ematen dizkieten erraztasunak. Baserritarrek bilera dute bihar udal gobernuarekin gaia jorratzeko, “berriro ere, behin erabakia hartu ondoren”. Izagirrek exijitu du neurriak baserritarren eguneroko beharrak kontuan hartuta molda ditzatela eta “turista eta bisitarien erosotasuna ez dadila lehenetsi sektore estrategiko baten kaltetan”.
Azken hamarkadetan, Bretxa eta Bretxako plazak aldaketa sakon eta “kaltegarriak” jasan ditu, “betiko azoka eta baserritarren lanaren kaltetan”, Garaia da berezko izaera berreskuratzeko neurriak hartzeko: azoka, baserritarrak eta auzoaren beharrak lehentasun bihurtu, eta bestelako interesak bazter uzteko”.