«Alokairua garestiegia da, izan ere, saldutakoaren %20 soilik irabazten dugu»
Bretxa plazan dagoen Zurrumurru kioskoa ateak ixtear dago. Marta Lorenzo bertako jabeetako bat da, eta azaldu du Donostia Sustapenarekin akordio bat lortu ezean, egunkariak saltzeari utzi beharko diotela, alokairu handiegia ordaintzen dutelako.

Zurrumurru dendara sartzen diren pertsonak beti itzultzen diren bezeroak bihurtzen dira. Horregatik, kioskoan sartu orduko, Lorenzok prest izaten du bezero bakoitzaren egunkaria. Erosleak solasean aurkitu ditugu bertan, eta dendarako hitz politak baino ez dituzte. Orain, tamalez, negozioak arazo larri bati aurre egin behar dio: Donostia Sustapena erakundearekin akordio batera iritsi behar dira. Gainera, salmentak gutxitzen doaz egunez egun eta, hainbeste urte eta gero, Lorenzok dendaren etorkizuna kolokan ikusten du. Egoerak berdin jarraitzen badu, kioskoa itxi behar izango dute.
Noiz jaio zen Zurrumurru kioskoa? Noiz hasi zinen zu lanean?
Nire lankideek Bretxako merkatu zaharrean izotza saltzen zuten arrandegian. 1999an merkatua birmoldatu zuten eta, beraz, salmenta jarduera aldatu behar izan zuten, arrandegiko lana desagertzen ari zelako. Orduan erabaki zuten kioskoa zabaltzea, eta betidanik egin dute lan elkarrekin. Urte batzuk beranduago, 2002an, ni sartu nintzen. Hemeretzi urtez saltzaile izan naiz eta azkeneko lauetan bazkide egin naiz. Lankideak gara, baina lagunak baita ere.
Ohiko bezeroak dituzue? Gazteak etortzen dira?
Guk egunkaria etxera eramaten diegun 70 bezero inguru ditugu. Egunero ordubete igarotzen dugu Parte Zaharretik atez ate egunkaria saltzen. Bezero horiek, normalean, adineko pertsonak dira. Hala ere, kioskora egunero datozenak ere badaude: 96 urteko bezero bat dugu, eta lanean hasi nintzenetik ezagutzen dut. Gazteek, berriz, kontsumo digitala nahiago dute, eta ez dute paperean hainbeste irakurtzen. Hala ere, aldizkariek objektu bereziren bat ekartzen dutenean, dendetan baino merkeago saltzen dutenez, segituan etortzen dira denak hori erostera.
Atzerriko egunkariak asko saltzen dituzue?
Baditugu egunero egunkari horien bila datozen bizpahiru erosle. Batek Le Monde erosten du eta besteak Sud Ouest, biak frantsesez. Ingelesez, Financial Times eta The New York Times saltzen ditugu. Azkeneko hau gehigarriarekin dator asteburuetan.
Famatuak izan dituzue dendan?
Donostiako Zinemaldian aktore batzuk prentsa erostera etortzen dira. Iaz, Robert De Niro estatubatuarra eta Franco Nero italiarra etorri ziren. Oso jatorrak izan ziren eta autografoa eta guzti sinatu zidaten. Ez dira bakarrak izan, baina haiek telebistan ikusi eta gero, lotsa eman izan dit ondoren aurrez aurre izatea.
Gaur egun, egunkariez gain, beste hainbat produktu saltzen dituzue. Zergatik?
Azkeneko bospasei urteetan, prentsa salmenta asko jaitsi da, %50 baino gehiago galdu dugu. Horregatik, souvenir-ak, edariak, imanak eta bestelakoak saltzen hasi gara. Modu honetara, egunkariekin saltzen ez duguna beste produktuekin konpentsatzen saiatzen gara. Duela urte batzuk, larunbatetan, 1.500 aldizkari saltzen genituen; gaur egun, ordea, ez gara 300 alera iristen. Koronabirusarekin, gainera, aldizkari ugari digitalizatu zituzten, eta gero, ez dituzte papereko ediziora bueltatu.
Negozio eredua aldatzea pentsatu duzue?
Behin baino gehiagotan pentsatu dugu. Orain, udalak, Donostia Sustapena [Donostiako garapen ekonomikoa sustatzen duen erakundea] agentziaren bitartez, gerentzia berria hartu du eta gure lokal berria Arenal denda dagoen tokian [Arkuak eraikinean] egongo litzateke kokatuta. Horrela, bertan kafea edo ogia saltzeko aukera edukiko genuke, negozioa berpizteko helburuarekin. Hala ere, negozioaren %50ak kiosko izaten jarraituko luke.
«Denda hauek ekonomikoki ez dira errentagarriak eta, horregatik, gutxika, desagertzen hasiko dira»
Kioskoek etorkizuna dute?
Tamalez, ez. Aldizkariak digital bilakatu dira eta papereko bertsioa ekoizteari utzi diote. Denda hauek ekonomikoki ez dira errentagarriak eta, horregatik, gutxika, desagertzen hasiko dira. Kioskoei egun gutxi gelditzen zaizkie, agian oraindik bost edo hamar urte gehiago iraun dezakete. Baina, azkenean, papera hiltzen ari da eta guk ezin dugu ezer gehiago egin. Duela urte batzuk, hainbeste erosle genituenez, lankide guztiok egon behar genuen lanean une oro. Orain, ordea, pertsona batek bakarrik egiten du lan txandako. Azkenean, Donostian bi edo hiru kiosko geldituko dira eta horiek izango dira bizirautea lortuko duten bakarrak.
Orduan, beharrezkoak izaten jarraitzen dute?
Bai, noski. Negozio hauekin jarraitzeko, instituzioen, aldundiaren, udalaren, eta abarren laguntza behar dugu. Kiosko hauek mantentzeko konpromisoa hartu beharko lukete. Niri, adibidez, ez zait digitalean irakurtzea gustatzen, papera nahiago dut. Badakit ez naizela bakarra, izan ere, nire adineko jendeak, normalean, bertsio digitalak irakurtzeko zailtasunak ditu, ez daudelako hain ohituta.
Nola ikusten duzu Zurrumurru kioskoaren etorkizuna?
Gaizki. Donostia Sustapenak etorkizuneko lokalerako proposamena egin digu. Lau urteko emakida emango digu eta metro koadroko 45 euro eskatu dizkigu. Horri, eraikin honetan egoteagatik ditugun gastuak gehitu behar dizkiogu. Beraz, alokairua 1.500 euroan gelditu zaigu, eta gehiegi da guretzat. Izan ere, saldutakoaren %20 soilik irabazten dugu. Gainera, bi fidantza eta lau hilabete ordaintzeko eskatu digute. Beraiekin akordio batera iristen saiatu gara, baina dagoeneko gai berarekin denbora gehiegi daramagu eta nekatuta gaude.