Asteburu bakarrean, baina betiko indarrarekin datoz Añorgako karmenak
Urteroko ilusioarekin eta jarduerekin heldu dira Añorgako Karmengo jaiak, baina bi asteburutan egiten zutena bakarrean egingo dute aurten: zikiroa, oilasko biltzaileak, Mozorro Festa, eta abar. Berritasun batzuk ere prestatu dituzte.

Dena batera izango da aurten; añorgatarrentzako gogorra, baina hobeto. Bakoitzak bere indarrak kudeatu beharko ditu», dio Añorgako jai batzordeko kide Jon Altunak aurtengo Karmengo jaiei buruz. Izan ere, horixe da berritasun nagusia: «Jaiak asteburu bakarrera mugatzea erabaki dugu, esperimentu gisa. Sentipena genuen ia uztaila osoa pasatzen genuela jaietan». Egitarau osoa hemen daukazue.
Horrela, etzi Jubilatuen eguna izango bada ere, ostegunean hasiko dira jaiak bere horretan, aurtengo beste berritasun nagusiarekin: kuadrillen arteko herri kirol desafioa.
Betikoak ez du huts egingo
Zikiroaren egun arrakastatsua, beraz, ostiralean izango da, mozorro festarekin: «Añorgarekin lotura duen edonork egutegian markatuta duen eguna da», nabarmendu du Altunak. Parrandak luze jo ohi du añorgatarrentzat, baina «berpizten» dira larunbateko kontzertuetarako: aurten, Ezpalak, Tapia eta Leturia Band eta Zurrunbilo Fest.
Igandean, bertso afaria daukate, Altunaren hitzetan, «autokontrol ariketa bat» izango dena, jaiak ez duelako etenik: «Kuadrillen eguna astelehenera pasatu dugu, eta oilasko biltzaileak 08:00etan aterako dira baserriz baserri». Horrez gain, gauera arte jarduera ugari prestatu dituzte egun horretarako.
Karmen egunarekin itxiko dituzte jaiak, eta ondoren baloratuko dute hurrengo urtean asteburu bakarreko formatua errepikatzea edo bi asteburuetara itzultzea. Motzagoak edo luzeagoak, gauza bat argi dago Añorgako jaietan: ez da aspertzeko astirik egongo!