Erakarpen estrategia borobila

F1: THE MOVIE
Zuzendaria: Joseph Kosinski · Urtea: 2025 · Herrialdea: AEB
Estatubatuarrek inork baino hobeto asmatu izan dute dena delakoarekin negozioa egin eta etekina ateratzen. Showbusiness modeloaren sustatzaile, kultura xurgatzaile eta kontsumo gizartearen habi, berdin dio gai bat edo beste esku artean izan, muturreraino ustiatuko dute, errentagarritasunaren giltza ondo menperatuta baitute. Zinema arloan hamaika adibide aurki ditzakegu, kontakizunen jabe uste dute beren burua, horien indarraz baliatuta, ikus-entzuleen nahiak asetzen maisu bilakatu baitira hastapenetatik, kontatze ereduak eta moldeak ezarriz.
Uda honetan sufritu dugu adibiderik behinena, Hollywoodetik zuzenean iritsi zaigun film epiko batekin. Prozesu neurtu bezain eraginkorraren emaitza izanik, 1 Formularen berririk ez duenik ez da egunotan. F1: The Movie filmak zirrara sortzen du, bai, arlo bisualean zinez ikusgarria eta sarkorra baita; maila narratiboan, aldiz, ohiko gainditze istorio bat baino ez da, aurreikus daitezkeen tolesdurek eta biraketek, egintzek, ehundutakoa. Sinopsia irakurri besterik ez dago puzzlearen piezak nola sartuko diren jakiteko: heroiaren bidaia klasikoa da, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan arrakastatsu bilakatu ziren abenturen oinordekoa.
Nolatan iritsi da, beraz, Joseph Kosinskiren pelikula denon ahotara? Hainbat faktore izan behar ditugu kontuan. Batetik, Brad Pitten ekina. Aspaldi da aktoreak ekoizle ere badirela, eta beren estimua handitzeko sortze prozesuaren kontrola hartu eta erabateko protagonista bilakatzen direnak. Adinean gora doa Hollywoodeko izarra, baina oraindik ere gorputzaldi paregabea duela erakutsi nahi izan digu, Tom Cruisek egin izan duen moduan —bere apustu pertsonala izan zen, esaterako, Top Gun: Maverick (2022), Kosinskik berak ere zuzendutakoa—. Kasu honetan, Pittek Sonny Hayes pilotu beteranoa interpretatu du. «Garai guztietako handiena» gisa izendatua, 1990eko hamarkadan etorkizun zoragarria zuen 1 Formulako gidaria haragitu du, istripu larri baten ostean lasterketak utzi behar izan zituena. Orain, bueltan da, baina bigarren autoan Joshua Pearce hasiberria du, bere ibilbide propioa egin nahi duena.
Damson Idris aktoreak jarri du Pearcen kaskoa, baina Hayesen/Pitten gisan, lehiakide izango ditu bene-benetako gidariak —Lewis Hamilton (filmeko ekoizlea ere badena), Max Verstappen, Charles Leclerc, Lando Norris, Fernando Alonso…—, eta korrituko dute Monzan (Italia), Silverstonen (Britainia Handia), Spa-Francorchampsen (Belgika), etab. Bada, filma berezi egingo du errodajea 1 Formulako iazko denboraldian bertan burutu izanak, errealismoaren itxura maila goreneraino altxatuz.
Kolaboraziook baliatuta, marketin kanpaina izugarri bati esker, publiko orokorra harrapatzera bideratu dute erakarpen estrategia. Eta hau Netflixek 2019an abian jarritako eta urtez urte berritzen doan Formula 1: Drive to Survive telesailaren legatua da, zalantzarik gabe. Proiektuari esker, estatubatuarrek ezagun duten zinema hizkuntzan deskubritu zuten mundu berri hau, eta nola irentsi ere. Netflixek epikotasun dosi gehigarriekin aurkeztu zuen dokumentala, gidarien arteko (asmatutako) konfrontazioekin, existitzen ez ziren arazo eta borrokekin, testuinguruz ateratako aitorpenekin… Ondorioa? Inbertsioek gora egin eta hiru dira bertan lehiatzen diren Sari Nagusiak, auto marka berriak sartuko dira irteera parrillan datozen urteetan, eta diru sarrerek gora egin dute nabarmen.
F1: The Movie-ri kirol diziplina hau AEBetara hurbiltzeko, bertan itzalpean zegoen zaletasuna piztu eta kirolaz jabetzeko asmoa nabari zaio ere; eta marketin kanpaina izugarri bati esker, publiko orokorra harrapatzera bideratu dute erakarpen estrategia. Fikziozko istorio bat dakarkigu, eta pilotu titularrak aktore lanetan jarri dituzte, F1 markaren parte hartzea du, eta erabateko askatasuna izan dute filmaketetarako. Arestian aipatutako gaindosiak badaude, entretenimenduzko zinemaren kode eta eskemak, izan ere, mitoak sortzen eta elikatzen ez dute parekorik Hollywooden, eta badakite nora jo ikus-entzuleak txunditzeko. Ametsen lurraldea ez al da ba AEB? Ametsak egi bihur daitezke bertan, baina bidea luzea eta zaila da, oztopoz betetakoa. Aski da bihurgune batera behar baino abiadura handiagoan sartzea, zuzen paretaren kontra joateko. Baina errekuperatu eta indartsuago bueltatzen dira heroiak, protagonistak, eta horien istorio pertsonalak are interesgarriago bilakatzen dira horrela, eta biziki txalotuko ditugu gero loriak. Herrialdearen izaerarekin eta historiarekin bat datorren narratiba da, zainetara erraz sartzen zaiguna, horretara ohitu garelako. Edo hobeto esanda, hala inposatu digutelako.