Ezker Anitzak dio tasa turistikoaren inguruko «kudeaketa negargarria» egin dutela EAJk eta PSE-EEk

Donostian tasa turistikoa ezartzearen alde agertu da Gipuzkoako Foru Aldundia, eta 2026. urterako indarrean egotea aurreikusten dute. Horren aurrean, Arantza Gonzalez Donostiako Udaleko Ezker Anitza-IUren bozeramaileak EAJ eta PSE-EE kritikatu ditu: “Tasa turistikoa hirian aplikatzeko kudeaketa negargarria egiten ari dira. Hamar urte baino gehiago daramatzate gai honekin bazterrak nahasten eta atzerapen hau kaltegarria izan da hiriarentzat”.
Gonzalezek gogoratu du Irabazi koalizioak, haren alderdia tartean zela, 2015ean osoko bilkurara eraman zuela Donostian tasa turistikoa ezartzeko proposamena. “Orain onartzeko presa dutenek ezezkoa bozkatu zuten. Denbora hori guztia galdu dugu turismo jasangarriago baten alde lan egiteko”, deitoratu du.
Donostia “nazioarteko helmuga turistikoa” dela nabarmendu du Gonzalezek, eta baliabideak behar dituela bisitarien etorrerari aurre egiteko: “Udal gobernuak urtetan izandako eraginkortasun eza donostiarren interesen kontrakoa izan da. Hamar urteotan milioiak galdu dira eguneroko zerbitzuak hobetzeko. Hala nola, garbiketa, parke eta lorategien mantenua, herritarren segurtasuna eta garraio publikoa”. Datu bat ere gehitu du: “Azken datuen arabera, tasa turistikoaren diru bilketa 8 milioi euro ingurukoa izango litzateke”.