Topoa estaltzeko borroka luzean «sekulako aurrerapausoa»
Amara Berri auzo elkarteko kideak pozik agertu dira mozio bateratuarekin, baina uste dute PSE-EE «beldurra» sartzen ari zaiola EAJri, lan horiek, Jaurlaritzaren ordez, Donostiako Udalak ordaindu behar dituela esanez.

Amara Berrin topoaren trenbidea estaltzeko gaia izan zuten hizpide ekaineko udalbatzarrean. EH Bilduk trenbidea estaltzeko mozioa erregistratu zuen, eta, azkenik, EAJrekin batera adosturiko mozio bateratua eztabaidatu zuten udal batzar aretoan. Izan ere, jeltzaleek bat egin dute EH Bilduren eskaerarekin.
Hamabi urte daramatzate Amara Berriko bizilagunek Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen Morlans eta Loiola arteko trenbidea lurperatzeko. Izan ere, trenek sortutako zaratak eta bibrazioak murriztea nahi dute. “Topoa asko aldatu da denboran zehar. Gaur egun, hiru minutu eta erdian behin pasatzen da; teorian, zazpi minutuan behin da, baina alde batera eta bestera. Beraz, zazpi minututan bi pasatzen dira, 05:00etatik 23:00etara”, adierazi dute ABAE Amara Berri auzo elkartetik.
2022an, udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion kutsadura akustikoa ekiditeko alternatiba jasangarriak aztertzeko, eta Euskal Trenbide Sareak (ETS), erantzun gisa, 103.000 euroko aurrekontuarekin hiri integraziorako alternatiben azterlan bat lizitatu zuen, baina soilik Morlans-Anoeta tarterako. Gutxira, EH Bilduk Anoeta-Loiola zatia ere azterketan sartzeko eskatu zuen, eta udalbatzak babestu zuen. Typsa enpresak egindako azterlan horretan, hiri integraziorako bost alternatiba eskaini ziren: bi estalketari dagozkionak, beste bi lurperatzearekin dagozkionak eta azken alternatiba bat pantailen instalazioari dagokiona. Bizilagunak estaltzeari dagokion altenatibaren alde agertu ziren, zarata ekidin eta hiri integraziorako aukerarik onena dela argudiatuta.
Maiatzaren 6an, Amara Berriko hiru bizilagunek agerraldia egin zuten legebiltzarrean, trenbidearekin pairatzen dituzten zarata arazoak azaltzeko. Arazo horri erantzuteko, ETSk pantaila batzuk jartzea proposatu zuen. Baina, salatu dutenez, pantaila horiek ez dute konpontzen trenbidearen hiri integrazioa, eta ez dute bermatzen zarata desagertzea. Hain zuzen ere, EH Bilduk uste du estaldurak, zarata arazoak konpontzeaz gain, metroaren hiri integrazioa ere konponduko lukeela. Beraz, “konponbide integrala” dela uste du, “auzotarren babesa duena eta herritar guztiengan modu positiboan eragingo lukeena, espazio publikoa lortzen delako beste erabilera batzuetarako”.
Hamabi urte daramatzate Amara Berriko bizilagunek topoa estaltzeko eskatzen; zazpi minutuan behin, bi tren pasatzen dira bertatik
EAJren babesa
Hain zuzen ere, EH Bilduren mozio horrekin bat egin berri du EAJk ere, eta mozio bateratuan honako puntu hau adostu dute elkarrekin: “Donostiako Udalaren Osoko Bilkurak Eusko Jaurlaritzari eta ETSri eskatzen die konponbide integrala eman diezaiotela Morlans–Anoeta tartean trenbideko garraioak sortzen dien inpaktuaren arazoari, trenbidea estaliz eta hiri integrazioa hobetuz bizilagunentzat ingurune osasungarria eta bizigarria bermatzeko”.
Horrela, Donostiako Udalbatzak “hertsatuki” eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari eta ETSri, Donostiako Udalarekin batera lan egin dezala, Morlans eta Loiola artean topoa estaltzeko irtenbide bat bilatzeko eta ezartzeko, metroaren hiri integrazioa hobetu eta zarataren arazoa konpon dadin.
PSE-EEren kritika
EAJk mozioari babesa eman diola jakin berritan, udal talde sozialistak “demagogiaz” jokatzea leporatu dio EAJri, ETSri Errondoko (Amara) topoaren bideak estaltzea eskatu diolako, “udalak gidatu eta bere gain hartu beharko lukeen obra dela badakienean, eta ez Eusko Jaurlaritzak”. Donostiako sozialistak trenbidearen eragin akustikoa murrizteko alternatiba posible guztiak aztertzearen alde agertu dira, baina EAJri eta EH Bilduri, “soilik trenbideak estaltzearen alde dauden alderdiei”, eskatu diete “erantzukizunez” joka dezatela kostu ekonomiko handia duten eta udalaren eskumenekoak diren hirigintza neurriak planteatzeko orduan.
“Mozio hau oportunista da, eta gehiago dirudi auziari modu arduratsuan aurre ez egiteko saiakera”, esan du Juantxo Marrero sozialistak, eta jeltzaleei “itxaropen faltsurik ez sortzeko” eskatu die, “ezin baita nahi izan Eusko Jaurlaritzak, ETSren bitartez, bere eskumenekoak ez diren obra batzuk bere gain hartzea, eta, gainera, beste aukera batzuk aztertu gabe egitea”. Ildo horretan, gogorarazi duenez, “bideak estaltzea hiri jarduera nabarmena da, eta udalak gidatu behar du, udala baita eskuduna”.
Auzo elkartearen iritzia
ABAEk uste du EH Bilduk eta EAJk mozio bateratua aurkeztea “sekulako aurrerapausoa” dela, “hori gabe ezin dugulako ezer egin”. Auzo elkartearen iritziz, PSE-EE “beldurra” sartzen ari zaio udalari, topoa estaltzeko lanak berak ordaindu behar dituela esanez. “ETSk Galtzarabordan, Zarautzen, Durangon eta Usurbilen estali du dena, eta Amara Berriko zati hori airean geratu behar da?”, adierazi dute auzo elkartetik. Horregatik, Jaurlaritzari “leku guztietan egin duen moduan” ordaintzeko eskatu diote.
Irailetik aurrera, beste manifestazio bat eta sinadura bilketa bat egingo dute, negoziazio prozesua berriz martxan jartzearekin batera.