Gines Pujante, Juan Bautista Peralta eta Miguel Orenesen omenezko plakak jarri dituzte Loiolan
ETAk 1979an hildako hiru poliziak omendu dituzte, plakak inauguratzeko ekitaldi xumearekin.

Motibazio politikoko indarkeriaren ondorioz hildako beste hiru pertsonaren omenezko plakak jarri ditu Donostiako Udalak gaur (hilak 5): ETAk 1979ko apirilaren 7an hildako Gines Pujante Garcia, Juan Bautista Peralta Montoya eta Miguel Orenes Guillamont Espainiako Poliziako kideen omenezkoak, hain zuzen ere.
Loiola auzoan jarri dituzte plakak, Loiolako zeharbidearen eta Aralarko Mendilerroa kalearen arteko elkarguneko plazan, militarren kuartelen aurrean. Izan ere, inguru horretan erail zituen ETAk Pujante, Peralta eta Orenes. Ekitaldian, Donostiako alkate Eneko Goia, udal taldeetako ordezkariak, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuko ordezkaria eta hiru biktimen hainbat senide egon dira: seme-alabak, bilobak eta alargunak, besteak beste.
Ohiko legez, ekitaldi xumea izan da: txistularien doinuekin hasi dira, senideek lore eskaintza egin dute jarraian eta, azkenik, gauza bera egin dute agintariek, baita senideak agurtzera gerturatu ere.
Hiru biktimak murtziarrak (Espainia) eta Murtziako Espainiako Poliziaren erreserba konpainia orokorreko kide ziren, eta Loiolako kuarteletara lekualdatu zituzten, ETAren aurkako borrokarako errefortzu gisa. 1979ko apirilaren 6an iritsi ziren Donostiara eta hurrengo egunean hil zituen ETAk, kuarteletara kalez jantzita sartzen ari zirenean hainbat etakidek ibilgailu batetik metrailatuta. Horren ondorioz, hiru polizietako bi berehala hil ziren, eta hirugarrena bizirik heldu zen Ospitale Militarrera, baina ospitaleratu eta gutxira zendu zen. Pujante Espainiako Poliziako sarjentua zen, 41 urte zituen eta bi seme-alaba; Bautista kaboa zen, 30 urte zituen eta hiru seme-alaba eta, Orenes kaboa zen, 29 urte zituen eta seme bat.

Gines Pujante, Juan Bautista Peralta eta Miguel Orenes ETAren biktimen omenezko plakak Loiolan jarri dituzte, kuartelen aurreko biribilgunearen ondoan.Beñat Parra
35 plaka
Hiru horiekin, 35 dira dagoeneko udalak “hirian hil ziren terrorismoaren eta motibazio politikoko indarkeriaren biktimen memoria eta ikusgarritasuna espazio publikoan berreskuratzeko” egitasmoaren barruan Donostian jarritako plakak. Duela bi legealdi jarri zuten martxan egitasmoa.
35 plaka horietako 28 ETAren biktimen omenezkoak dira, hiru Komando Autonomo Antikapitalisten biktimen omenezkoak —Enrique Cuesta, Antonio Gomez eta Juan Manuel Garcia Cordero—, bat DRILen biktima Begoña Urroz Ibarrolaren, bat Batallon Vasco Españolen (BVE) biktima Maria Jose Bravo del Valleren omenezkoa eta bi Poliziaren ekinbidearen biktimen omenezkoak —Joseba Barandiaran Urkola eta Mikel Zabalza Garate—.
Plaka ofiziala duten ETAren 28 biktimak hauek dira: Juan Maria Araluce, Jose Maria Elicegui Diez, Antonio Palomo Perez, Luis Francisco Sanz Flores, Alfredo Garcia Gonzalez, Gregorio Ordoñez Fenollar, Francisco Martin Gonzalez, Fernando Mugica Herzog, Rafael Garrido Gil, Daniela Velasco Dominguez de Vidaurreta, Daniel Garrido Velasco, Miguel Paredes, Elena Moreno, Eugenio Olaciregui Borda, Francisco Javier Gomez Elosegi, Jose Angel Santos, Josu Leonet, Juan de Dios Doval Mateos, Miguel Angel Iñigo Blanco, Juan Antonio Marcos Gonzalez, Manuel Orcera de la Cruz, Antonio Pastor, Moises Cordero, Lorenzo Motos Rodriguez, Santiago Oleaga Elejabarrieta, Gines Pujante Garcia, Juan Bautista Peralta Montoya eta Miguel Orenes Guillamont.
Jarraian, gaurko ekitaldiko hainbat irudi:



















