Horma irudi ekofeminista inauguratu dute Intxaurrondon
Calcuta Ondoan GKE-aren 25. urteurrenaren harira egindako horma-irudia ikusgai dago Txaparrene pasealekuan.

Horma irudi ekofeminista bat inauguratu zuten atzo (hilak 4) Intxaurrondoko Txaparrene pasealekuan, Calcuta Ondoan Gobernuz Kanpoko Erakundearen (GKE) 25. urteurrenaren harira egindakoa. “Emakumeen indarra eta naturaren eskubideen aldeko konpromisoa ospatzeko” ondutako lana da, eta goiz osoa pasatu zuten bertan, Jone Taberna artistak egindako horma irudiari azken ukituak ematen, Alison Fernandez Valens eta Satur musikarien zuzeneko musikarekin. Besteak beste, Erroak Sartu elkarteko eta Gilda espazio artistikoko hainbat kidek hartu zuten parte, baita ere, inaugurazio ekitaldian.
“Proiektu honek helburu izan du ikuspegi ekofeministatik kontakizun eraldatzaileak ehuntzea eta emakumeak aldaketa sozial eta ekologikoaren erdigunean kokatzea”, GKE-aren hitzetan. Lanaren albo batean, hainbat hizkuntzatan idatzitako esaldi bat dago, obraren ildoa laburbiltzen duena: “Bizitza maitatu, zaindu eta defendatzen dutenek, lurra maitatu, zaindu eta defendatzen dute”.