Igerileku handiago baten aldeko sinadura bilketa abiatu dute Altzan
Altzako kiroldegiko kanpoko igerilekua txikiegia dela —"22.000 biztanlerentzako putzua"— eta horrek gatazkak sortzen dituela diote. Irtenbide bat eskatu diote Donostiako Udalari.

Altzako herritar batzuek sinadura bilketa abiatu dute, auzoko kiroldegiko kanpoko igerilekua txikiegia dela salatzeko eta azpiegitura aproposagoa eskatzeko: “Horrela deitzen zaio jada Altzako kanpoko igerilekuari: putzua. Eta barregarria izan liteke, hain larria ez balitz. Altzatarrok bigarren mailako herritarrak sentitzen garela esaten dugunean, jakinaren gainean egonik esaten dugu, eta horrelako arrazoiengatik izaten da”. Inprimaki baten bidez sinatu daiteke, hemen.
Atzerapen askoren ondoren, 2022an ireki zuten kiroldegia, baina kanpoko igerilekua dagoeneko “txiki” gelditu dela diote sinadura bilketa abiatu duten altzatarrek: “30 urtez baino gehiagoz aritu gara eska eta eska igerileku irekiak egin zitzaten. Azkenean, 2022an ireki zuten kanpoko igerilekua, baina berehala txiki geratu da 20.000 biztanletik gorako komunitate batentzat; areago, Pasai Antxo gehituta”.
Igerilekuan izan ohi diren egoeren berri ere eman dute: “Haur, gazte, heldu eta zaharrentzako tanga bakarra duen igerileku hau aldiro kolapsatzen da, eta sartzeko ilara egin behar izaten da; hau da, norbait atera arte itxaron behar izaten da. Benetan, ilara lotsagarri bezain iraingarria. Aurten, aurrekariak ikusita, ez dute edukiera pantailan proiektatu ere egiten, argi baitago goia jota dagoela. Eta uraren koloreaz zer esan… egun batean urdina hurrengoan berdea”.
Ildo horretatik, salatu dute “putzua arazo eta gatazka gune” bihurtzen dela: “Haurtxoak pixoihalekin sartzen dira, gazteak jauzi eginez murgiltzen dira eta helduek horiei errieta egiten diete; zelaian ere arazoak izaten dira etzangarriekin… eta sorosleak ‘morokil’, horretan guztian bitartekari aritu nahian”. “Kontua ez da elkarrekin bizitzen ez dakigula, edo sorosleek eta arduradunek beren lana egiten ez dutela; alderantziz, argi eta garbi egiturazkoa den eta gatazkak sortzen dituen arazo bat kudeatzen saiatzen dira, espazioa txikiegia delako hainbeste jende hartzeko”, gaineratu dute.
Irtenbide eske
“Zegoen eta dagoen lur guztia edukita, beste zerbait hobea egin zitekeen”, diote sinadura bilketa abiatu duten herritarrek: “Hasteko, bi igerileku, bat haurrentzako eta beste bat gainerakoentzat, ia toki guztietan egiten duten moduan; egoteko gunea ere hobeto kudeatu daiteke”.
Horregatik, dagoenarekin konformatzearen aurka egin dute: “Zera eskatzen dugu: gutxienez 22.000 biztanleko komunitate bati zerbitzua emango dioten kanpoko igerilekuak. Goia jauna, askoz txikiagoa den edozein herrik igerileku handiagoa du egin duzuena baino. Zuek egin duzue akatsa, konpondu ezazue”.