Bainu bat, esklerosi anizkoitza duten pertsonen alde
Toño Ramirok Getariatik Kontxako hondartzaraino egin zuen igeri, eta urertzean zain zuen ama, duela 30 urte esklerosi anizkoitza diagnostikatu ziotena.

Esklerosi anizkoitzaren aldeko ‘Busti Zaitez’ kanpainaren 23. edizioa ospatu zuten atzo. Gipuzkoako hainbat herritan informazio standak eta merchandising materiala jarri zituzten salgai. Donostian, Kontxan egin zuten ekitaldi nagusia.
Kontxako Erlojuetan egindako ekitaldian gizarteko hainbat esparrutako pertsona nabarmenak joan ziren esklerosi anizkoitzagatik bustitzera. Horien artean, Eneko Goia, Donostiako alkatea; Mariaje Idoeta, Donostiako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia; Txaro Rodrigo, Mendetasunari eta Desgaitasunari Arreta emateko zuzendari nagusia; Belen Larrion, Haurrak Babesteko, Gizarteratzeko eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistari Arreta Emateko zuzendari nagusia, biak Gipuzkoako Foru Aldundikoak; Kerman Obegozo, pertsonen, ekonomia eta aurrekontu kudeaketa zinegotzia, eta Iñigo Garcia, Aniztasuneko, Inklusioko eta Ingurumeneko zinegotzia. Adica Comunicako Ainhoa Diaz Caneja eta Casa Munoa bitxi dendako Claudio Munoa eta Gonzalo Lapazaran. Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko David Otaegi doktorea eta Union Artesanako Idoia Yeregui.
Getariatik Donostiara, igerian
12:00etan, Toño Ramiro Kontxako badiara iritsi zen, igerilari talde handi batekin batera. Ur ertzean, zain zuen ama, Paqui Castro, duela 30 urte esklerosi anizkoitza diagnostikatu ziotena, gainerako senide eta lagunekin batera. Maria Luisa Ustarroz Ademgiko presidentea eta gainerako agintariak ere lagun izan zituzten. Ramiro 06:15ean atera zen Getariatik, eta hasieran zeharkaldia gogorra egin zitzaion arren, haizea kontra eta olatu askorekin, Oriotik aurrera baldintzak hobetuz joan zitzaizkion, eta bere erronka aurreikusitakoa baino denbora gutxiagoan lortu zuen. Iritsi zenean, korridore bat egin zioten, eta hainbat opari eman zizkioten balentria horren oroimenez.
Ademgik Ramiroren ahalegina eskertu du: “Bere balentriak esklerosi anizkoitzari ikusgarritasun handiagoa ematen eta pertsona gehiagorengana iristen lagundu digu. Gainera, eskerrak eman nahi dizkiegu gaur eta 23 urte hauetan esklerosi anizkoitzagatik busti diren pertsona guztiei, bai eta kanpainaren babesleei ere, horiei esker egin baititzakegu ekintza horiek. Oso ekitaldi hunkigarria izan da, senide eta lagunez inguratua”.
EAEn 2.800 pertsonari eragiten die esklerosi anizkoitzak; horietatik, 800 pertsona bizi dira Gipuzkoan. Estatuan, 57.000 pertsonari eragiten die.