Palestinaren aldeko jaia egin dute Uliako Mintegien Parkean

Palestinaren aldeko egun osoko jai solidarioa antolatu zuen atzo Krii kolektiboak Uliako Mintegien Parkean. Ekitaldia Donostia eta Londres artean dabiltzan DJ talde batek antolatu zuen —Brava, Flaca, Gela, Frances Be eta Ines—, Palestinan gertatzen ari den genozidioaren aurrean sentitzen duten “amorru” eta “frustrazioaren” ondorioz. Azaldu dutenez, haientzat, “klub kulturak dantza pista bat baino gehiago izan behar du: erresistentziarako, zaintzarako eta askatasunez adierazteko espazio bat”.
Klub kulturaren “jatorri politiko” horretan inspiratuta, ekitaldi bat antolatzea erabaki zuten, “dantza aktibismoaren adierazpide bihurtuz”. Horretarako, Alai, Lamia Mari, This Ist, Ofensa eta Siwanaba tokiko DJ-ak batu ziren egitasmora. Ekitaldia kolektiboa eta autogestionatua izan zen, eta bildutako diru guztia Palestinarekin elkartasunezko ekimenetara bideratzea da helburua.
Ordea, 18:00ak aldera bizilagun batek Udaltzaingoari deitu zion. Jarraian, udaltzainak bertaratu ziren Uliako Mintegien Parkera, eta jaia bertan behera utzi behar izan zuten, isunik ordaindu beharrik ez izateko.




















