Pio XIIaren plazako sekuoietako bat ihartu egin da
Parkea Bizirik elkarteak eskatu du zuhaitzaren egurra bere historia oroitzeko eserleku publiko bat egiteko erabili dezatela.

Amara Berriko Pio XIIaren plazako belardi batean hiru sekuoia handi daude, eta horietako bat lehortu egin dela jakinarazi du Parkea Bizirik elkarte naturazaleak. Hori dela eta, zuhaitz horren egurra “eserleku publiko bat” egiteko erabili dezatela eskatu dio Donostiako Udalari: “Sekuoiaren egurraz eserleku publiko bat eraiki dadila eskatzen dugu, Peñafloridako eserlekua deritzana, bere historia kondaira batez kontatuz, edo, bestela, Amarako jendeak erabaki dezala ondare publiko hori nola kudeatu”.
Izan ere, elkarteak gogorarazi du Peñaflorida institutuko Natur Zientzietako eskoletako ikasleek zuhaitzak landatu zituztela hainbat urtez hezkuntza zentroaren lorategietan; guztira, 45 zuhaitz landatu zituzten, tartean hiru sekuoia horrek, “hainbat intsektu polinizatzaile eta hegazti habiagilerentzako babesleku” bihurtu zirenak. 2011n, ordea, Eusko Jaurlaritzak eremu horretan eraikin berri bat egiteko proiektua abiatu zuen, zuhaitzak moztea eragingo zuena.
Naturazaleek hainbatetan eskatu zuten “zuhaiztiak errespetatuko zituen proiektu bat” idazteko, eta horren alde mobilizatzen aritu ziren. Azkenean, proiektua ez zuten aldatu, baina sekuoiak egungo kokalekura lekualdatu zituen udalak, 2011n. “Haren tamainako zuhaitz batek (24,6 metro), batez beste, 1.200 eta 2.400 litro oxigeno egunean sortzen ditu, hau da, egunean hiru eta bost pertsona artean arnasteko behar den oxigenoa”, nabarmendu du Parkea Bizirik-ek.
“Eskatzen dugu Peñafloridako sekuoia publikoaren zuraren etorkizuna ez dadila izan Igara auzoaren atzealdeko Andrestegi kaleko 4. zenbakiko sekuoia gorriaren etorkizun bera. Sekuoia hau udal aginduz eta jakinarazpen publikorik gabe maiatzeko udal hauteskundeen ondoren ebaki zuten, zehazki, 2023ko ekainean. Munduko zuhaitzik altuenak dituen zuhaitz espeziea da. Sekuoia hori etxebizitza eraikinetik oso gertu zegoen. 24 metro ingurura iristen zen eta hazkunde bete-betean zegoen. Altuerak eta gehiegizko gertutasunak eraikinari kalteak eragiten zizkioten. Bizilagunen kexak arrazoizkoak ziren, baina ez gatoz bat esku hartze horren udal arduradunen gardentasun eta komunikazio faltarekin”, gaineratu du elkarteak, baita nabarmendu ere “kalitate handikotzat” jotzen dela zuhaitz horien egurra.