Zazpi kontzertu eta zortzi DJ emanaldi izango ditu Glad Is The Day jaialdiak

Bederatzigarrenez, Glad Is The Day musika jaialdia antolatu dute Egiako Gladys Enea parkean, abuztuaren 3rako. Doako sarrera eta egun osoko egitaraua izango du jaialdiak, 12:00etatik 21:00etara. Zazpi kontzertu, zortzi DJ emanaldi, azoka eta haurrentzako jarduerak hartuko ditu parkeak. Egia Kultur Etxeak, Dabadaba aretoak eta Le Bukowski tabernak antolatutako egitasmoa da, Keler garagardoaren babesarekin eta Kutxa Fundazioaren eta Tabakaleraren laguntzarekin.
Zazpi talde hauen kontzertuez disfrutatu ahalko da parkeko agertoki nagusian, Donostia Kulturak azaldu duenez: “Bartzelonako Hidrogenesseren pop elektroniko kontzeptualaz, Sistema de Entretenimientoren arcade punk frenetikoaz, Pinpilinpussiesen garage-pop postpunkaz, Argentinako Fin del Mundoren indie shoegazeaz, Gipuzkoako Miruaren pop esperimentalaz, Peachy Jokeren rock energiaz eta OEPren izaera festazaleaz”.
Bestalde, Hondamen Sonikoa gunean zortzi DJ hauek arituko dira: Linapary, Simona, Scientist, Miravalles, Infanta, Tronis, Puñales B2B LaMia Mari eta Putas Amak. Ondoren, gaua luzatzeko, DJ saioak antolatu dituzte baita ere Le Bukowskin eta Dabadaban.
Azkenik, egun osoan zehar, 50 postuko azoka irekita egongo da parkean bertan. Dabadabak kudeatuko du azoka hori, besteak beste, “vintage dendak eta tokiko talentuen sorkuntzak” izango dituenak, Donostia Kulturak azaldu duenez.