600 ikastaro prestatu ditu Donostia Kulturak datorren ikasturterako

Donostia Kulturak 2025-2026 ikasturterako prestakuntza-eskaintza aurkeztu du. 603 ikastaro (567 helduentzat eta 36 haur eta gazteentzat) izango dira guztira, kultur etxeetan eta Liburutegi Nagusian. Matrikulazioa bi fasetan izango da: euskarazko ikastaroen matrikulazioa irailaren 8an 16:00etan hasiko da, irailaren 18ra arte, eta gaztelaniazkoena, irailaren 22tik urriaren 5era. Webgune honetan eta edozein kultur etxetan eman ahalko da izena.
Ikastaro eskaintza
Ikastaro guztien informazioa Donostia Kulturako webgunean dago. Eskaintza pdf formatuan ere kontsulta daiteke. Kultur etxeetan paperean izango da abuztuaren amaieran.
Bi fasetan zabalduko da herritar guztientzako matrikulazioa. Lehenik, euskarazko ikastaroen matrikulazioa irekiko da, irailaren 8an 16:00etatik aurrera, irailaren 18ra arte. Ostean, gaztelaniazko ikastaroen matrikulazioa zabalduko da, irailaren 22an, 16:00etatik aurrera, urriaren 5era arte.
Jakinarazi dutenez, aurten ere, euskarazko zenbait ikastarotan Belarriprest eredua errepikatuko da. Ikastaro horietan, maila baxua izan arren, ikasleak euskaraz mintzatzera gonbidatzen dira, betiere elkarlaneko giroan. Ikasleek eta irakasleek konpromisoa hartuko dute euskaraz hitz egiteko eta elkarri laguntzeko.