'Atzera begira, Dinamitarekin', Donostia beste ikuspegi batetik ezagutzeko ibilaldi historikoa

IRUTXULOKO HITZAk eta Dinamita Tour egitasmoak 36ko gerra Donostian nolakoa izan zen eta hiria beste ikuspegi batetik ezagutzeko ibilaldia antolatu dute elkarlanean, uztailaren 21erako. Elkargunea Bretxako Sarriegi plazako estatua izango da, 19:30ean, eta Amararaino joango dira parte hartzaileak ibilaldian, bidean hainbat geldialdi eginez; izena ematea ezinbestekoa da (gehienez, 25 lagun), irutxulo@hitza.eus emailera idatzita. IRUTXULOKO HITZAren 20. urteurrenaren testuinguruan antolatutako egitasmoa da.
Dinamita Tourreko kide Josetxo Etxeberriak eta Xabier Erauskinek gidatuko dute ibilaldia, eta geldialdi bakoitzean hainbat azalpen historiko emango dituzte. Bretxan hasita, 1813ko erreketa eta sarraskitik hasiko dira, Donostiaren historia ikuspegi zabalago batetik lantzeko asmoz. Hortik aurrera, Erdialdetik eta Amaratik hainbat geldialdi egingo dituzte, 36ko gerrako pasarteetan zentratuta.
Antzeko ibilaldiak egin izan ditu Dinamita Tourrek urteotan, eta, motorrak berotzeko, 2023an egin zutenaren kronika irakur dezakezue. Halaber, hedabide honen Atzera begira atalean ere ibilaldian landuko diren pasarteetako batzuei buruzko erreportajeak aurkituko dituzte, baita Donostiari buruzko beste eduki historiko asko ere.