Gizon bat atxilotu dute Donostian, sexu eraso batengatik
Zorroagoko Gaueko Aterpea udal harrera zentroan izan da erasoa. Donostiako Udalak erasoa salatzeko elkarretaratzea egin du.

Larunbatean, sexu eraso bat izan zen Zorroagako Gaueko Aterpea udal harrera zentroan, Eneko Goia alkateak astearteko Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan baieztatu duenez. Ustezko erasotzailea 31 urteko gizon bat da, Ertzaintzak larunbatean bertan atxilotu zuena eta dagoeneko espetxean dagoena.
Hori dela eta, Donostiako Udaleko talde guztietako bozeramaileek ezohiko batzordea egin dute astearte goizean, eta erasoa pairatu zuen emakumeari elkartasuna adierazteko eta erasoa bera gaitzesteko erakunde adierazpena onartu dute, bost udal taldeen babesarekin. Era berean, gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea egin dute eguerdian Alderdi Ederren, eta eraso horren harira hirian egin daitezkeen bestelako mobilizazioekin bat egin du udalak.
Adierazpenean, udalak azaldu du Indarkeria Matxistari Erantzuteko Protokoloa aktibatu duela, “premiazko bilera bat deituz informazio guztia biltzeko eta erakundeen erantzuna eta biktimari eta haren inguruneari eman beharreko arreta koordinatzeko”. “Horrelako erasoak gure gizartean dagoen indarkeria matxistaren eta genero desberdintasunaren adierazpenak dira. Gertatutakoak agerian uzten du, beste behin ere, beharrezkoa dela eragile sozialekin, feministekin eta, oro har, herritarrekin batera lan egiten jarraitzea, gizonen eta emakumeen berdintasunaren alde”, gaineratu dute adierazpenean.
Era berean, udalak “neurriak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa” hartu du “biktimek arreta azkarra, koordinatua eta eraginkorra jaso dezaten, eta, aldi berean, prebentzio jarduerak indartu daitezen eta erasotzaileen zigorgabetasuna onartu ez dadin”.