Murgilgo igoera berreskuratuko du aurtengo Donostiako Klasikoak
2025eko Donostiako Klasikoaren ibilbidea aurkeztu dute: 211 kilometro eta sei mendate puntuagarri izango ditu.

44. Donostiako Klasikoa abuztuaren 2an izango da aurten, eta “WorldTour tropeleko txirrindulari onenak bilduko ditu”, antolatzaileek nabarmendu dutenez. Astearte honetan aurkeztu dute ibilbidea, eta, berritasun nagusia da Igeldo mendiko Murgil bideko igoera berreskuratu dutela, iaz Pilotegitik igo ostean. Bulebarrean egongo da, urteroko legez, lasterketako irteera eta helmuga, eta 11:20ean abiatuko dira txirrindulariak.
211 kilometro pasatxoko ibilbidea izango du Klasikoak eta sei mendate puntuagarri igoko dituzte txirrindulariek, Gipuzkoan barrena: Andazarrate, Urraki, Alkiza, Jaizkibel, Erlaitz eta Murgil, ordena horretan. Tartean, Zarautz, Zumaia, Azpeitia, Hernani eta Irun herrietatik pasatuko dira, besteak beste.
“Jaizkibelgo eta Erlaitzeko igoerek zeresan handia izango dute lasterketaren garapenean. Hala ere, helmugatik hamar kilometrora baino gutxiagotara dagoen Murgil tontorreko aldapa latz-latza izango da garaipenari begira izangaiak behin betiko hautatuko dituena. Bi kilometro inguruko horma horrek %20tik gorako aldapak ditu”, nabarmendu dute antolatzaileek. Guztira, 4.150 metrotik gorako desnibel positiboa izango du probak.