Ulian «udalaren mantenu faltaz» kexatu dira bizilagunak

Donostiako Udalaren “mantenu falta” salatu dute Uliako bizilagunek. Azaldu dutenez, udalari beraien kezka helarazi diote horren inguruan, “behin baino gehiagotan”, udaleko Herritarren Postontziaren bidez.
Auzoko toki gehienetan, utzikeriak “urteak” irauten dituela adierazi dute: “Ziur gaude bai Ulian baita beste auzoetan ere irudi gehiago ager zitezkeela, Kontxa inguruan inola ere onartuko ez liratekeenak, ez urteetan, ezta egun gutxitan ere”.
Adibidez, frontoiaren inguruak “nahiko utzita” egoten direla azaldu dute, “garbiketa eta mantentze lan gutxi” egiten direlako. “Udazkenean kantxa eta inguruak hostoz beteta egoten direnez, pilotariok garbiketa lanetan ibiltzen gara jokatu ahal izateko, eta pilota kantxatik ateratzen denean hostoen artean ibiltzen gara pilotaren bila, lastategian orratzaren bila bezala. Iturria eta bankuak inguratzen dituzten sastrakek metroko altuera izaten dute”, salatu dute.
Horrez gain, Ulia pasealekuan zenbait lur jausi izan ziren 2024ko euri jasen ondorioz, eta Mirador de Ulia jatetxetik gertu horma bat jarri zuten errepidearen erdian, norabide bakoitzean semaforo bana duena. “Laster beteko da urtebete!”, nabarmendu dute.
Gainera, Xabier Rico auzotarrak azaldu duenez, duela urte batzuk, Uliako aterpetxeko bide seinaleari buruzko eskaera bat bidali zuen udaleko Herritarren Postontzira. “Kartela gaztelania hutsean dago eta honakoa dio: Albergue, 200m, errepidearen goranzko noranzkoan. Informazioa, ordea, okerra eta kaltegarria da, batez ere kanpotik datozen erromesentzat. Izan ere, errepidean gora jarraituz gero, ia kilometro bateko tartea dago; bide seinalearen beheranzko norabidea hartuz gero, berriz, 50 metrora, aterpera zuzenean 100 metro eskasetan igotzen den bidexka bat dago. Zendutako Larretxea udal aterpetxeko langileak erantzun zidan esanez parte eman ziola udalari. Urte batzuk igaro arren, kartel dontsu honek zutik dirau”, azaldu du Ricok.