Donostiako Orfeoiak Montpellierren abestuko du ostegunean

Donostiako Orfeoiak uda denboraldiko hitzordu garrantzitsuenetako bat izango du bihar (hilak 10), Montpellierreko Radio France Occitanie jaialdi ospetsuan arituko baita, 20:00etan.
Abesbatza Tarmo Peltokoski zuzendari finlandiarrarekin elkartuko da berriro, “gaur egungo nazioarteko maisurik nabarmenetakoa”, Donostiako Orfeoiak nabarmendu duenez. Joan den urtarrilaren 11n elkarrekin Toulousen egon ziren, “oroimenerako kontzertua” eskainiz. Toulouseko orkestra, Peltokoskik zuzenduta, Donostiako abesbatzarekin batera igoko da oholtzara.
Montpellierren interpretatuko diren obrak Tristan et Isolde (Richard Wagner) eta Sinfonia nº2 Resurreccion (Gustav Mahler) izango dira. Koruarekin eta orkestrarekin batera Rachel Willis Sorensen (sopranoa) eta Marianne Crebassa (mezzosopranoa) bakarlariak arituko dira.
Montpellierrekoa ez da izango Orfeoiak udan kanpora egingo duen lehen bisita, Rocamadourreko Jaialdian (abuztuaren 17an) eta Donibane Lohizuneko Ravel Jaialdian ere izango baita. Azken emanaldi horretan, Peltokoski maisuarekin eta Toulouseko Orkestrarekin bat egingo du berriro.