Donostiako turismoaren karga ahalmena lantzeko «prozesu partekatu bat» proposatu du EH Bilduk
'Turismoa gobernatu' lelopean, etzi photocall aldarrikatzaile bat egingo dute 12:00etatik aurrera, Ijentea kalean, Nautiko ondoan.

Turismoaren “gehiegizko hazkundeak” mugak gainditu dituela uste du EH Bilduk. Hori dela eta, donostiarren ongizatea lehenetsiko duten neurriak hartzeko garaia dela adierazi du Markel Ormazabal zinegotziak, udaletxean eskainitako agerraldian.
Turismoa “gobernatzeko” karga ahalmena lantzeko prozesu bat “abiapuntu ona” izan daitekeela adierazi du Ormazabalek: “Karga ahalmenaren kontzeptuak aukera ematen du garapen turistikoaren norabidea herritarrekin kolektiboki birpentsatzeko. Horretarako, turismoaren eraginak mugatuko dituzten dimentsioak identifikatu, eta horien gaineko mugak herritarren adostasunaren mende egon behar dira”.
Gaineratu duenez, “karga ahalmena ez da datu teknikoen multzo hutsa, kontsentsu politiko eta sozial baten emaitza baizik”. EH Bilduk uste du gizarteak adostu behar duela noiz gainditzen den turismoaren muga, eta hortik abiatuta hartu behar direla erabaki politikoak.
Bestalde, iazko udako kanpainari jarraipena emango dio udal taldeak. Turismoa gobernatu lelopean, etzi photocall aldarrikatzaile bat egingo dute 12:00etatik aurrera, Ijentea kalean, Nautiko ondoan.
Turismoaren “mugak”
Donostiako 2023-2027 Turismo Planaren helburua turismo eredu jasangarri bat garatzea dela gogorarazi du Ormazabalek. “Ordea, herritarren artean dagoen adostasun handiena bestelakoa da: hiria dagoeneko bere mugaraino iritsi da. Turismoak muga batzuk ditu, eta muga horiek gainditzen direnean, turismoak jasangarri izateari uzten dio”, gehitu du.
Turismo jasangarria tokiko baliabideak kaltetu gabe garatzen dena dela adierazi du zinegotziak: “Hau da, tokiko biztanleen bizi kalitatea kaltetzen ez duen turismo jarduera”. Jasangarritasuna bermatzeko tresnetako bat karga ahalmena dela berretsi du. “Turismoak baliabide batzuk behar ditu, eta baliabide horiek hiriak berak egunerokoan erabiltzen ditu. Karga ahalmenak zehazten du turismo jarduerak zenbateraino gara daitezkeen, tokiko baliabideei kalterik egin gabe”, azaldu du.
Turismo kargaren gaitasuna
Donostiako Udalak apirilean iragarri zuen hiriko karga turistikorako gaitasuna ebaluatzeko ikerketa bat abiatu duela. IN2destination enpresa arduratuko da azterketaz, eta jakinarazi denez, ondorioak 2026ko udazkenerako prest egongo dira.
EH Bilduk denbora darama turismoaren karga ahalmenaren gaia jorratzen, eta azken urteotan hainbat proposamen jarri dituzte mahai gainean. Horien artean dago, besteak beste, 2024ko Politika Orokorreko Osoko Bilkuran aurkeztutako ebazpena, edota joan den maiatzeko Turismoa(k) birpentsatzen jardunaldietan egindako ekarpenak.
Horrekin batera, Ormazabalek adierazi du iradokizun bat aurkeztu duela Pertsonentzako Zerbitzuen Batzordean, Jon Insausti Turismo zinegotziari zuzenduta. Ormazabalek argi utzi du ez dela abiatu den lan teknikoari zuzenketarik egin nahi. “Azterlan horrek bere emaitzak izango ditu, eta uste dugu hiriak behar duen turismo-politika diseinatzeko baliagarria izango dela”. Hala ere, ohartarazi du ikerketa enpresari esleitutako eginkizunez harago —hala nola informazioa bildu eta etorkizuneko ikerketa-ildoak proposatzea—, turismoaren kudeaketak sakoneko lanketa politikoa behar duela, eta hori bultzatu nahi du udal taldeak.
Horren harira, ekimenean aurkeztutako hausnarketa ildo nagusiak azaldu ditu: karga ahalmena eta turismo jardueraren mugak, Karga ahalmena politika publikoetan txertatzea, karga ahalmena lantzeko gakoak eta Donostiaren eta bere auzoen karga turistikorako gaitasuna.