Easo plaza izango da Boga Boga festibalaren doako gunea

Boga Boga Festibala hirugarrenez egingo dute irailaren 12tik 14ra. Miramar jauregiko lorategietako egitaraua aurreratu ondoren, antolatzaileek Amarako Easo plazarako prestatu duten egitaraua jakinarazi dute. Irailaren 13an eta 14an, Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat talderen doako emanaldiez gozatu ahal izango da, 12:00etatik 18:00etara.
Irailaren 13ko eguerdi parean, Aimarz R&B musikari gaztea, Henge talde ingelesa eta Tropicaza kolektibo donostiarra ariko dira zuzenean. Musika urbanoa, rock psikodelikoa, technoa eta elektronika doinuak eskainiko dituzte, hurrenez hurren. Arratsaldean, berriz, Xenia eta Nusae izango dira protagonistak, proposamen elektroniko abangoardistekin.
Aldiz, irailaren 14an, Mikosis taldea izango da jotzen lehena, “tokiko musika eszenako talderik lotsagabeenetakoa”. Haiekin batera, Putas Amak ariko dira, “queer reggaetoi proiektua”. Ondoren, Tropicaza bandak asteburuko bigarren emanaldia eskainiko du. Bestalde, arratsaldean, Naxker, Kiliki eta Tatxers ariko dira, post punk, pop eta elektronika doinuekin plaza dantzan jartzeko.