Hiru eguneko greba abiatu dute berriz Gipuzkoako erresidentzietako langileek, manifestazio jendetsu batekin
Lurraldeko erresidentzietan eta eguneko zentroetan 5.000 langile daude, eta horietako %40k borondatezkoak ez diren kontratu partzialak dituzte. Aldundiari dagokion ardura hartzeko eskatu dio ELA sindikatuak.

Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako 5.000 langileek ekainean egindako hiru greba egunei jarraipena eman diete gaur, beste hiru greba egun abiatu baitituzte. Donostian manifestazio jendetsua egin dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzatik hasita, eta adierazi dute gaurko greba egunak jarraipen zabala izan duela lan zentroetan.
ELAk mahai negoziatzailean %60ko ordezkaritza du eta sindikatuak salatu du urtarriletik egin dituzten negoziazio bileretan patronalek ez dute sektorean dagoen prekaritatearekin amaituko duen “inongo edukirik” jarri mahai gainean. Honela azaldu du gaur, manifestazioaren aurretik, Eva Arrietak, ELAko sektoreko arduradunak: “Negoziazio mahaiak blokeatuta jarraitzen du, patronatuaren aldetik ez delako mugimendurik egon. Ekaineko hiru greba egunen ondoren, bilerak izan ditugu aldundiarekin eta Batzar Nagusietan ere egon gara. Sektorearen egoera zein den azaldu diegu; oso kritikoa da, izan ere, langileen %40k borondatezkoak ez diren kontratu partzialak dituzte. Horrek, ezinbestean, zerbitzuaren kalitatean eragiten du”.
Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote ardura bere gain hartzeko, izan ere, sektorearen finantzaketaren %90 diru publikoa da. “Horregatik, aldundiari eskatzen diogu ardura bere gain hartzeko, eta gatazka honetan lidergoa hartzeko”, nabarmendu du Arrietak.
Aldundiekin izandako bileretan, diagnostikoa azaldu ostean, aldundiko kideek ere “kezka partekatzen” zutela azaldu du ELAko arduradunak, eta hain zuzen ere, kezka hori partekatzen badute, “egokitzen zaien ardura hartzeko” eskatu du sindikatuak. “Kontziente dira langileak egoera okerragoan daudela, datu objektiboak dira, %40eko partzialtasuna benetako datua delako, eta kopurua handitzen ari da azken urteetan. Honi buelta eman behar zaio, beraiek direlako sektore honen eta zerbitzuaren kalitatearen arduradunak”, azaldu du sindikatukoak.
Horrez gain, langileen lan eta bizi baldintzak “nabarmen” ari dira okertzen azken urteetan sindikatuak adierazi duenez, eta hiru egun hauetako grebaren ostean, patronalean eta aldundiaren aldetik “mugimenduren bat” egotea espero dute. “Zoritxarrez, egongo ez balitz, irailetik aurrera lanuzteak egiten jarraituko dugu. Ez da gustatzen zaigun agertoki bat, baina gure aldarrikapenei ez diete jaramonik egiten greba prozesurik ez badago”, deitoratu du Arrietak.
Hitzarmen berrirako, ELAk %100eko lan jardunaldia duten kontratuak eskatzen ditu langile guztientzat, soldata arrakalarekin amaitzea eta asteko 32 lanordu ezartzea ere bai, besteak beste.
Hitzarmenik eza, erabiltzaileen kalterako
Langileei ez ezik, erresidentzietako eta eguneko zentroetako erabiltzaileei ere nabarmen eragiten die gatazka honek eta hitzarmenik ez egoteak. “Gutxieneko zerbitzuak ezartzen dira, eta erabiltzaileen bizitzarako beharrezkoa den guztia bermatzen da. Hala ere, beharrezkoak ez diren zereginak egiteari uzten diogu greba egunetan”, azaldu du Arrietak.


































