Musika Dena Eta Ez Dena jaialdia bueltan da, soinu esperimentalenekin Tabakalera betetzeko

Uztailaren 18tik 20ra, Musika Dena eta Ez Dena Jaialdiaren bigarren edizioak soinu esploraziorako leku bihurtuko du berriro Tabakalera, eta tokiko zein nazioarteko artistek esperimentazio, performance eta instalazioaren artean dabiltzan musika proposamenak eskainiko dituzte. Tabakaleraren hamargarren urteurrena ospatzeko jardueren barruan, jaialdiaren programazioak eraikineko hainbat gune hartuko ditu eta musikak inguruaren pertzepzioa eraldatzeko duen gaitasuna azpimarratuko du.
Espazioan bizi den musika
Musika Dena eta Ez Dena jaialdiak entzute aktiboari lotutako esperientzia proposatzen du: Ale Hop, Estanis Comella, Loula Yorke, Exotic Sin, Verde Prato + Bronquio, Fernando Carvalho, Garazi Navas eta Ryosuke Kiyasu artisten emanaldiak “arkitekturarekin, gorputzarekin eta denborarekin elkarrizketan diharduten esku-hartze” gisa irudikatzen dituzte, eta ez erakustaldi soil gisa.
Ale Hop Limakoa da jatorriz, eta geruzaz, gitarra prozesatuz eta landa grabazioz eraikitako elektronika poetikoa aurkeztuko du. Estanis Comellak performance hibrido bat eskainiko du: gorputza, ahotsa eta irudia marko eskultorikoan gurutzatzen dira bertan. Loula Yorke britainiarrak xehetasunez eta ambient narratibaz beteriko zuzenekoa eskainiko du sintetizadore modularrekin. Exotic Sin bikoteak (Naima Karlsson eta Kenichi Iwasa) erritualaren eta galaktikotasunaren arteko paisaia batera eramango du publikoa, eta Verde Prato + Bronquio bikoteak, berriz, Erromantizismoa izeneko lana aurkeztuko du lehen aldiz, Tabakalerako Artisten Guneko egonalditik sortutako lan berria. Horrez gain, Zine-lab kolektiboak Landaregramak izeneko performance filmikoa egingo du, jaialdiaren edizio honetarako berariaz sortutakoa.
Larunbat arratsaldean, Soinuzko arteak Euskal Herrian: atzera edo aurrera begiradak izeneko topaketa egingo da, Mikel Acosta Hegoa Diskakeko arduradunak eta Antton Iturbe kazetari eta musikariak koordinatuta eta moderatuta.
Miguel A. Garciari omenaldia
Igandeko programazioaren baitan duela gutxi zendu den Miguel A. García euskal soinu-artearen funtsezko artistari omenaldia egingo zaio. Haren ondarea berak sortutako soinu-unibertsora eginiko bi hurbilketa berezirekin ospatuko da, García ongi ezagutu zuten bi artistaren eskutik: Fernando Carvalho eta Garazi Navas. Biek espazio-formatu berezietan egindako soinuak interpretatu eta ekarriko dituzte jaialdira, hala nola oktofonia bat Tabakalerako Plazan eta interpretazio bat eskailera nagusian, hurrenez hurren. Jardunaldia amaitzeko, Ryosuke Kiyasu bateria-jotzaile japoniarrak performance txundigarria eskainiko du. Nazioarteko eszenatokietan barrena ibili ondoren iritsiko da jaialdira, eta bateria-proposamen erradikal batekin dator.
Jaialdiaren programa
Ostirala, uztailak 18
21:30 – Ale Hop (Alejandra Cárdenas) | Zinea
22:30 – shield, Estanis Comella | 3. solairua
23:15 – Loula Yorke | Prisma
Larunbata, uztailak 19
18:30 – Topaketa: Soinuzko arteak Euskal Herrian: atzera edo aurrera begiradak | Medialab (Sarrera doan)
21:30 – Exotic Sin (Kenichi Iwasa + Naima Nefertari) | Patioa
Film-performancea: Landaregramak | Zine-Lab, Patioa
22:30 – Verde Prato + Bronquio – ERROMANTIZISMOA | Patioa
Igandea, uztailak 20
18:00 – Oktofonia (In memoriam Miguel A. García), Fernando Carvalho | Plaza
19:00 – Dopelganger (In memoriam Miguel A. García), Garazi Navas | Eskailera nagusia
20:00 – Performancea Ryosuke Kiyasu | Artisten Gunea