Udaletxeko informazio bulegoa udazkenean irekiko dute

Hiriko informazio bulego nagusia Donostiako Udaletxearen beheko solairuan egokitzen ari dira. Atzerapenak atzerapen, uda osterako irekiko dela adierazi du Eneko Goia alkateak. Bulegoa ekipamenduz hornitzeko aurreko lehiaketa adjudikatu gabe geratu zen, enpresarik ez zelako aurkeztu. Dena dela, bigarrenean lortu dute.
Udalak Dinof enpresari esleitu dio herritarren arretarako bulego berriaren ekipamendu integralaren kontratuaren 1. eta 2. loteak, 148.010 euroren truke. Produktuak hornitzeko eskaerak entregatzeko gehieneko epea zortzi astekoa izango da 1. loterako, eta lau astekoa 2. loterako, udalak eskatu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.