Ingurumen Sailak Parte Zaharreko kutsadura akustikoa murrizteko neurri batzuk hartu ditu

Donostiako Udalak adierazi du Parte Zaharreko “soinu ingurunea hobetzeko konpromisoa” indartu duela. Ingurumen Sailak, auzotarrek horrela eskatuta, Parte Zaharraren soinu inpaktuari buruzko azterlan bat egin du, egunez zein gauez hainbat neurketa eginez. Txosten horri esker, gune kritikoak identifikatu ahal izan dira, eta baieztatu egin da auzoko zarataren arazoa gauez gertatzen dela, eta, zehazkiago, asteburuan.
Udalak hainbat neurri hartu ditu azken boladan egoera horri aurre egiteko. Zeharkako jarduketekin egin du. Hainbat atal inplikatu ditu eta arazoari hainbat ertzetatik heldu dio: hiri zerbitzuen kudeaketa, turismo eta ostalaritza jardueraren erregulazioa, sentsibilizazio eta hezkuntza kanpainak, herritarrentzako zuzeneko laguntzak eta datuetan eta ebidentzia zientifikoan oinarritutako plangintza.
Hauek izan dira jarduera ildo nagusiak:
- Hondakinen kudeaketa: Jarduketa ildo nagusietako bat kale garbiketak eta hiri hondakinen bilketak eragindako inpaktu akustikoa murriztea izan da. Parte Zaharrean, bilketa egunez egiten da beti; hain zuzen ere, hiriko auzo horretan bakarrik aplikatzen da neurri hori, gauez eragozpenik ez sortzeko. Gainera, laster ibilgailu elektrikoak eta garbitzeko makina isilagoak sartuko dira gaueko zerbitzuan, hala nola soinu igorpen txikiko erratz makinak eta bateriaz elikatutako hosto haizagailuak. Eraldaketa hori modu planifikatuan egin da, zerbitzuen eraginkortasuna ebaluatuz, proba pilotuen bidez. Proba horiek emaitza onak izan dituzte, eta, horri esker, esku-hartzearen maiztasuna murriztu ahal izan da, ingurunearen garbitasuna arriskuan jarri gabe.
- Gaueko aisialdiko zarata: Aldi berean, udalak soinu eragozpenak sortzen dituzten jarduerak arautzen jardun du; zehazki, gaueko aisialditik eratorritakoak. Osasun Publikoaren atalak Parte Zaharreko hamaika puntutan egin zituen neurketak, bi kanpainatan: bata udan (abuztua) egin zuen, eta bestea neguan (azaroa). Horietatik ondorioztatu da zarata-arazo bat dagoela, batez ere asteburu gauetan eta areago udan. Joan de Bilbao eta Fermin Calbetón kaleak dira kaltetuenak, 10 dezibeletan gainditzen baitituzte kalitate akustikoaren helburuak (KAH). Eta, neurri txikiagoan, Konstituzio plaza, Esterlines, Kale Nagusia eta basilika ingurua, KAHak 5-10 dezibeletan gainditzen dituzte eta. Zarataren iturri nagusia gizakiak dira.
- Terrazen ordenantza: Gaueko aisialdiak dakarren egoera hori arintzeko, terrazen ordenantza berria behin betiko onesteko prozesuan dago. Ordenantza horrek ordutegiak murriztuko ditu hainbat eremutan, hala nola Parte Zaharrean. Eremu horretan egiten diren ekitaldi publikoak ere mugatu dira, eta are zorrotzago gainbegiratu da ostalaritzako lokaletan araudia betetzen den. Azken bi urteetan, Osasun eta Ingurumen Atalak 178 zehapen izapidetu ditu eta 23 neurri zuzentzaile ezarri dizkie Parte Zaharreko lokalei, zaratarekin lotutako arrazoiengatik.
- Turista taldeak: Turismo kudeaketa ere berrikusi da. 2024ko apirilaz geroztik, turista-talde antolatuek ezin dituzte 25 pertsona baino gehiago izan; neurri hori aitzindaria da Euskadin, eta espazio publikoaren gaineko presioa murriztea du helburu. Gainera, iaztik debekatuta dago bisita gidatuetan bozgorailuak eta megafonia-sistemak erabiltzea, Turismo, Ingurumen eta Udaltzaingoaren artean adostutako jardunbide egokien dekalogo baten arabera.
Bestalde, udalak, gaur egun, lankidetzan dihardu Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) zaratak eta beste kutsatzaile batzuek herritarren osasunean duten eraginari buruzko azterlan batean. Udazkenetik aurrera, datuak biltzeko eta iritzia galdetzeko prozesu bat jarriko da abian, herritarrek soinu inguruneari buruz duten pertzepzioa ezagutzeko.
“Donostia erabat konprometituta dago hiriko zarata arintzearekin eta murriztearekin, batez ere Parte Zaharrean. Gure helburua argia da: atsedena zainduko duen, ingurunea errespetatuko duen eta bertan bizi diren eta auzoaz gozatzen duten pertsona guztien arteko bizikidetza sustatuko duen hiri bat eraikitzea. Izan ere, horrela bakarrik bermatuko dugu hiriko bizi-kalitate jasangarri eta partekatu bat”, adierazi du Iñigo Garcia Ingurumen zinegotziak.