Abiada bizian aldatzen ari den herri baten memoria

CAUGHT BY THE TIDES
Zuzendaria: Jia Zhang-Ke · Urtea: 2024 · Herrialdea: Txina
Txina garaikidearen garapen soziokulturalaren kronista finetakoa den Jian Zhang-Kek ez du parekorik. Beren istorioak landa eremutik hirietara migratu zuten zinemagileen taldeko (Seigarren Belaunaldia izenez ezagututakoa) ordezkari internazionalena izanik, haren filmei esker izan dugu mendebaldarrok hango gizarteak izan dituen aldaketa sakon eta, batez ere, bizkorren berri. Txina komunistaren arrasto itzalezinak, herrialdearen modernizazio etengabeak edota gobernuen proiektu handinahiek herritarrengan (eta beraien bizitzetan) izan duten eragina kontatu digu beste inork ez bezala, betiere, errealismo dosi zorrotz bezain eszentrikoekin, naturalismoaz gaindiko begirada kritiko eta poetikoarekin.
Hain zuzen ere, poesiaz blai dakarkigu Zhang-Kek bere lan berriena, aurretik jorratu izan dituen ildo eta auzien ehundura borobila dena. XXI. mendeko lehen udaberritik hasi eta COVIDaren pandemia agertu arteko urteak errepasatu ditu Caught By The Tides-en, tartean, Txina Munduko Merkataritza Erakundean sartu izanaren erabakia, Pekin Joko Olinpikoetarako egoitza izateko aukeraketa edota Hiru Arroiletako presaren eraikuntza (aro garaikidean martxan jarritako proiektu erraldoi eta polemikoena) direla, besteak beste. Eta, bertatik bertara, Quiao Quiao eta Guao Bin aurkeztuko dizkigu, maitasun kartsua bezain hauskorra bizi duen bikotea.
Hastapenetatik bidelagun izan duen Zhao Tao aktoreak interpretatuko du identitate eta istorio anitz dituen Quiao. Hura jarraituko du Zhang-Kek, hamarkadaz hamarkada, nahiz eta hitzik ez duen sekula esango. Haren begi eta belarrietatik hautemango dugu Txinaren eboluzioa, gizartearen birmoldaketa bizkorra; beronen aurpegia, gorputza eta arima da emakumea. Izan ere, ariketa metazinematografiko sakona eginez, zinemagile txinatarrak bere film propioetako irudiak berreskuratuz —zeintzuetan Tao bera den protagonista— ondu du Caught By The Tides, azken bi hamarkadotako eguneroko bisuala osatuz.
2001ean hasi zen Zhang-Ke zeluloidea baztertu eta baliabide digitalekin zinema egiten, eta ordutik, bateko zein besteko kamerak —unean uneko punta-puntakoenak— erabili ditu. In Public izan zuen lehen ekoizpen hura, eta ondoren etorri ziren Unknown Pleasures (2002), Still Life (2006) edota geroxeagoko Ash Is Purest White (2018). Horietako zortzi plano sekuentzia berrerabili ditu bere istorio berria osatzeko, baita beste filmetarako baztertutako material ugari, modu informalean erregistratutako irudiak zein errekurtsoak.
Hala, irudiaren formatu aldaketak bilakatu dira An aurrera daramaten zutabeak, eta ezinbestean, beregain hartuko dute horiek denboraren joana. Zinema hizkuntzaren erabilera kontzientearen jabe, une oro agertuko diren trenek balio sinboliko izugarria izango dute zentzu honetan, baita itzaltze kateatuek eta panoramika horizontalek ere, zeinen bidez erritmo narratiboa gelditu egingo den, pantaila aurrean agertuko den mundua, herritarrak, inguruak (eta horiek utzitako aztarnak) betirako gordeaz. Garaiko abestiez osatutako soinu bandak lagunduta doaz, musika ere aldatzen baitoa une oro; kantuen hitzak herrialdearen historia garaikidearen lekuko dira, ispilu fidelena.
Txinaren transformazioa bere zinemagintzarekin parekatuz, zinemaren historiako maisu handienen pare jarri da Zhang-Ke bere lan berrienarekin, Jean-Luc Godard, Agnes Varda, Federico Fellini, Margarette von Trotta edota Chantal Akermanek egin bezala, hor kanpoko mundua, errealitatea, kontatu digu barrura propio begiratuz. Berrirakurketa zinematografiko pertsonalaren bitartez, bere muin narratiboa berrinterpretatuz, aurrera begira jarri da, Caught By The Tides etorkizuneko txinatarren (eta zinemazale ororen) baliozko ondare bilakatzeko apustu eginez.