Easo kale eraberritua ireki dute
Espaloi zabalagoak eta garraio publikoarentzako errei bakarra ditu kaleak orain.

Lan luzeen ostean, ostiral goizean ireki dute behin betiko Easo kale eraberritua. Zeharbideak lehentasuna ematen die oinezkoei orain, bost metrotik gorako zabalera duten espaloiekin eta autobus eta taxien garraio publikorako erreserbatutako errei bakarrarekin. Hau da, San Martzial kaletik San Martin kalera doan Easo kalearen zati horretatik ezin dira ibilgailu pribatuak pasatu dagoeneko. Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Saileko eta Euskal Trenbide Sarea erakundeko ordezkariak egon dira irekieran.
Jaurlaritzak nabarmendu du Easo kalea —San Martin kaletik Askatasunaren hiribideraino— “topoaren Donostiako trenbide saihesbidearen obretako 0 gunea” dela, “obrak hasi zirenetik Xabier Zubiri plazaren ondoan eragin handiena izan duen eremua baita. Kalearen irekierak benetako lasaitasuna ekarriko du obraren fase guztiak lehen lerrotik bizi izan dituzten inguruko egoiliarrentzat, merkataritza establezimenduentzat eta ostalarientzat”.
Eremua urbanizatuta eta irekita badago ere, hiri altzariak falta dira oraindik: “Espaloien eremuan, gaur egun fabrikan egiten ari diren zenbait jardinera eserleku ezarriko dira beren artean distantzia jakin batera. Uztailaren amaieratik abuztuaren hasierara bitartean ezarriko dira”, azaldu du Jaurlaritzak.
Easo kalea irekita, Xabier Zubiri plazaren inguruko urbanizazio lanekin jarraituko dute, “jarduketa irailaren bigarren hamabostaldian osatzeko asmoz”. Beste aurreikuspen batzuk ere egin ditu Mugikortasun Sailak: “San Bartolome kalea abuztuko lehen hamabostaldian irekiko da behin betiko, hiri altzarien erremateren baten faltan. Ordurako, San Martin kaleko asfaltatze lanak ere eginda egongo dira, Urbieta eta Easo artean; baita Easokoak ere, San Martin eta San Bartolome artean”.
Autobusak
Easo kalearen irekierak Dbus Donostiako autobus konpainiaren zenbait autobus lineari eragingo die, hilaren 14tik aurrera. Zehazki, hauei: 19, 31, 36, B2 eta B4. Hain zuzen ere, 19,31, B2 eta B4 lineek Easo kaleko 19 zenbakian geldialdia egingo dute astelehenetik aurrera. 36 lineari dagokionez, Easo plaza, Easo 19 eta Askatasunaren Hiribidea 19 geldialdiak egingo ditu Aldakonea alderantz doanean, eta gero Mirakruzerako ibilbidea egiten jarraituko du. Easotik zirkulatzean, ez du geldialdirik egingo Gernikako Arbola pasealekuan.
Horrez gain, Dbusek jakinarazi du topoaren igarobidearen lanen hurrengo fasea amaitzean aldatu egingo direla, baita ere, 26, 28 eta 37 lineetako ibilbideak.