Emakume bat artatu dute ospitalean, bart pairatutako eraso matxista batengatik
Udaltzaingoak eraman zuen emakumea ospitalera, "zauriak eta kolpeak" zituelako. Ospitalean, emakumeak jakinarazi zuen aurreko gauean sexu eraso bat pairatu zuela pertsona beraren partetik. Erasotzailearen bila dabiltza.

Donostiako Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, Udaltzaingoak emakume baten deia jaso zuen bart, Altzako asentatze batetik, laguntza eske. Bertaratu, eta emakumea ospitalera eraman zuten, “gorputzaren hainbat lekutan zauriak eta kolpeak zituelako”. Udalak jakinarazi duenez, erasotzailea, ustez biktimaren bikotea dena, “ihes eginda zegoen eta ezin izan zuten lokalizatu”; Udaltzaingoak haren bila jarraitzen du, baita gertakariak ikertzen ere.
Ospitalean artatua izaten ari zenean, udaleko iturrien arabera, emakumeak adierazi zuen aurreko gauean sexu erasoa jasan zuela pertsona berarekin partetik. Horrela, sexu erasoen aurrean udalak duen protokoloa aktibatu dute, eta udaleko bozeramaileen batzordeak gertakariak salatu eta emakumeari elkartasuna eta babesa adierazteko erakunde adierazpena onartu du, alderdi guztien babesarekin.
“Gertatutakoak agerian uzten du, beste behin ere, beharrezkoa dela eragile sozialekin, feministekin eta, oro har, herritarrekin batera lan egiten jarraitzea, gizonen eta emakumeen berdintasunaren alde”, nabarmendu du udalak adierazpenean. Era berean, elkarretaratzera deitu dute astelehenerako (hilak 14), 12:00etan, Alderdi Ederren.