«Ez diote behar duen garrantzia ematen sorosle zerbitzuari»
Zurriolako hondartzan hamabost urtez lan egin eta gero, kaleratua izan da Mikel Ianzi Barrena (Orereta, 1991). Sorosleei materiala falta zitzaiela publikoki salatu zuen, eta Zurriola hondartza desberdin «ireki» zuen, ezin zuelako erabiltzaileen segurtasuna bermatu. Horrek, dioenez, bere kaleratzea ekarri du.

Greban zaudete sorosleak?
Nik ez nuke greba gisa definituko. Greba 2018an izan genuen. Egiten ari garena da material falta dugula salatu. Nik, arduradun gisa, hondartza horrela irekitzea erabaki nuen horretarako, hiritarrak eta langileak babesteko modu bat. Zerbait gertatuz gero, ez nintzelako arduradun egiten.
Zein izan da hondartza irekitzeko modu hori?
Lehenengo egunean bi dorreetan bandera gorriarekin ireki genuen, eta sorosle guztiak hondartzako botika gunean elkartzea erabaki nuen. Eta nik lan egin dudan gainontzeko egunetan ere bi dorreetan bandera gorria jarri nuen eta ez nuen bainurako eremurik markatu, ez bainua hartu nahi zutenentzat, ezta surflarientzat ere. Hori bai, ikusten bagenuen pertsonaren bat korronte edo eremu arriskutsu batean sartu behar zela, gerturatzen ginen eta beste zona batera joateko esaten genien. Zerbitzu minimo moduko bat egin genuen.
Material falta salatu duzue. Zein da falta zaizuen material hori?
Ekainaren 1ean hasi ginen. Konkurtso berri bat atera zen, BPX eta Neo enpresak aurkeztu ziren eta Neok irabazi zuen. Baldintza agiriak berandu atera ziren, eta Asociacion Española de Administraciones Publicas elkarteak baldintza agiri horiek salatu zituen, eta ondorioz, berriro atera behar izan zituen. Orduan, beranduago onartu ziren, eta lizitazioa beranduago izan da. Horrek material falta ekarri du: ez genuen ontzirik, ez uretako motorrik, ez quadik gure materiala mugitzeko eta zaurituak mugitzeko, megafoniak ere ez zuen funtzionatzen eta lan materiala, benda besteak beste, falta zitzaizkigun baita ere, eta aurreko enpresak utzitakoarekin lan egiteko eskatu ziguten. Sorosleok ez genuen ez aletarik ezta txisturik ere.
Enpresak lizitazioa irabazi zuen aurkeztu zuen materialagatik, eta ekainaren 15ean oraindik material hori ez genuen. Aurkeztu zuen proiektu hori ez du bete hasieratik.
Zein izan da udalaren jarrera?
Nik ez dut zuzeneko kontakturik izan udalarekin, baina haien jarrera izan da zerbitzu normala ematen ari ginela, material nahikoa zegoela lan egiteko, eta pertsona baten salaketa dela esan dute. Izan ere, nahiz eta nik udalarekin harremanetan jarri nahi nuen, ez nuen lortu, eta publiko egin nuen salaketa. Soroslea eta arduraduna izateaz gain, langileen delegatu bakarra naiz enpresan.
«Hondartza guztiak aldundiak eramango balitu, denok baldintza berak eta hitzarmen bera edukiko genuke»
Zein izan da gainontzeko sorosleen jarrera?
Langile batzuk epaiketak izan dituzte eta kalera bota dituzte. Sorosle lana lau hilabeteko lanaldia da eta askok, denboraldi batzuk egin ostean, lana uzten dute. Jende berri asko sartzen da eta ikusi dut egiten dudana defendatzen dutela, baina bakoitzak bere ardurapean hartzen ditu erabakiak eta agian ez dute defendatzen nik defendatzen dudana. Hala ere, nik errespetatzen dut. Uste dut denek batera egin izan bagenu, beste modu batera joango zirela gauzak.
Oraintxe bertan, zein da zure egoera?
Ekainaren 26an kaleratu ninduten.
Zer argudio eman dizkizute kaleratua izateko?
Ekainaren 18an espediente kontraesankor bat ireki zidaten, nik berdin jarraitu nuen lan egiten eta ekainaren 26an jakinarazi zidaten kaleratua izan nintzela. Hitzarmenean eta langile estatutuan azaltzen diren falta larri batzuetan oinarritzen dira hori egiteko.
Zein da zure hurrengo pausua?
Nik helegite bat jarriko dut, eta enpresa epaitegietara eramango dut.
Lagapen horretako materiala iritsi da?
Materiala pixkanaka iristen joan da, baina, nire iritziz, material hori guztia ekainaren 1erako prest eduki beharko genuke. Nik nire azken lan eguna ekainaren 19an egin nuen eta, kasualitatez edo ez, 20rako ur motorrak iritsi ziren. Horren aurretik, suhiltzaileek materiala utzi ziguten, eta konturatu ginen gure materiala ez zutela ikuskatzen zortzi hilabetetan, karroa besteak beste, erabiltzen hasi eta 30 metrotara hautsi egin zen.
Sorospenak egin dituzuenean arazoak izan dituzue material faltagatik?
Ez dugu erreskate zailik izan, baina horregatik jartzen genuen bandera gorria, material faltagatik sorospenak egiterako orduan arazorik ez izateko. Alderaketa bat egiteko, suhiltzaileei suak itzaltzeko mauka bat soilik ematea izango litzateke, kamioirik gabe.
Eta hondartzako erabiltzaileen aldetik, kexarik izan duzue?
Maiz etortzen zen jendeak galdetu izan digu. Eta jende askoren babesa jaso dugu: ondo egiten dugula protestatzen, sinatzeko prest azaldu da jendea…
Zure kasuaren harira, uste duzu lortu duzuela eskatzen zenuten hori?
Hasteko, publiko egiteak lagundu du, eta presioa sartzeko lagundu digu, bai enpresari eta bai udalari. Ez dakit material guztia lortu duten, baina badakit aurtengo konponbideak ez duela hurrengo urteetakoa konponduko. Haien kabuz erabakiak hartzen jarraitzen badute, berdina gertatuko da. Nire ustez, ez diote behar duen garrantzia ematen sorosle zerbitzuari.
Zein da erroan dagoen arazoa?
Sorosle zerbitzuak udalak eramaten ditu, eta gero, azpikontratatu egiten du enpresa bat. Urteak daramatzagu saiatzen hondartzetako zerbitzua foru aldundiak eraman dezan. Donostiako hondartzak izan ezik, gainontzeko herrietakoak aldundiak kudeatzen ditu. Hondartza guztiak aldundiak eramango balitu, denok baldintza berak eta hitzarmen bera edukiko genituzke, eta aldundiko edo udaleko langile bihurtu gintezke. Azpikontratatzean, ez dakizu zer espero dezakezun enpresa horrengandik.
Zenbatekoa da hondartzetako denboraldia?
Lau hilabeteetako da, baina denboraldi altua eta baxua bereizten dira: ekaina eta iraila denboraldi baxua dira, eta uztaila eta abuztua denboraldi altua. Denboraldi baxuan, bi pertsona gutxiago daude lanean, eta denboraldi alturako kontratatzen dira beste bi horiek. Gaur egun, bi pertsona horiek gabe lan egitea ez da erreala, lau hilabeteak denboraldi altuak baitira. Duela urte batzuk, udalbatzarrera eraman genuen Zurriolako denboraldia urte guztikoa izateko eskaera. Izan ere, urte osoan zehar daude surflariak eta surf ikastaroak. Ezezkoa jaso genuen, eta, sorospen zerbitzu baten ordez, salbamendu uztaiak jarri zituzten Donostiako puntu batzuetan.