«Hiru instrumentu eta ahotsak dira, eta horrekin defendatu behar duzu guztia»
Indabe pop-rock talde antiguatarrak 'Ez banaiz' izeneko diskoa argitaratu du, CD formatuan eta plataforma digitaletan. 2023ko udazkenean 'Azaletik' singlea aurkeztu ostean, hirukote izatera igaro ziren, eta orain zazpi abestiko lan berriarekin dator talde gaztea. Egun, Uxue Estrada gitarrista eta abeslariak (Antigua, 2004), Peru Blanco bateriak (Antigua, 2004) eta Nora Azurza baxu jotzaile eta abeslariak (Antigua, 2004) osatzen dute hirukoa. 'Kristalezko Hiria' abestia aurreratu zuten lehendabizi, eta martxoan disko osoa kaleratu; ordutik, kontzertuak eskaintzen ari dira.

Nolako izan da diskoaren harrera?
Peru Blanco (P.B.): Nik uste dut jendeak taldearen gauza berriak entzuteko gogoak zituela, espero genuena baino hobeto joan da. Pixkanaka, asimilatzen ari gara. Estiloa ere gehiago finkatu dugu, nahiko argi utzi dugu nondik goazen.
Uxue Estrada (U.E.): Diskoaren harira, kontzertu berri pila bat atera zaizkigu, elkarrizketa asko ere bai. Lan honekin pixka bat gehiago ezagutarazi dugu taldea. Gorka Urbizuk gure abestiarekin Instagrameko istorio bat igo zuen, ezin dugu gehiago eskatu [barrez].
P.B.: Ez, baina agian beste talde batzuetako jendeak hitz egin digu esanez lana oso ona iruditu zaiela. Jada ez da zure lagunek edota gurasoek diotena; gu bezalako musikariek ere baloratzen dute.
U.E.: Adibidez, kontzertu batean Naxker taldeko abeslariak espresuki gu ikustera etorri zela komentatu zigun. Horrelako gauzek ilusioa egiten dizute. Gertukoen loreak ere eskertzen dira. Baina, badakizu noiz diren benetako edo konpromisozko piropoak.
Laukote izatetik hirukote izatera igaro zarete. Nolakoa izan da prozesua?
P.B.: Hiru izatera igaro ginenean, ez genekien nondik jo. Hasieran, kide berri bat sartzen saiatu ginen, baina, gerora, konturatu ginen nahiago genuela horrela jarraitu.
U.E.: Kontzerturen bat itxita genuen, eta ez genuen presaka aritu nahi. Orduan, hirukotean jarraitu genuen tarte horretan, eta hortik jarraitu behar genuela ikusi genuen. Hiru izanda, bakoitzak bere instrumentua hobeto defendatu behar du. Norak sekulako lana egin du diskoa sortu eta zuzenekoak prestatzen; gitarra jotzetik baxua jotzera pasatu da. Asko eskertzen diogu eta baloratzekoa da.
P.B.: Diskoa idazterakoan ere, hiru taldekide ginela pentsatuta egin genuen. Hor aldaketa izan da, eta horrek nondik jo erabakitzen lagundu digu.
U.E.: Bai, eta gitarran gauza batzuk sakrifikatu behar dituzu, ezin duzu akordeak egiten dituen gitarra bat beti izan. Abestia beste zerbaitekin bete behar duzu, edo agian ezin duzu bete, eta ez da ezer gertatzen. Hiru instrumentu eta ahotsak dira, eta horrekin defendatu behar duzu guztia. Sortzeko prozesu hori polita izan da.
«Talde gisa egin dugun bidean garrantzi handia izan du Antigua auzoak»
Uxue Estrada, Indabeko musikaria
Zuen erreferenteak diren zenbait pertsonarekin lan egiteko aukera izan duzue, Etxekalte eta Eñaut Gaztañaga, tartean. Nola bizi izan duzue?
P.B.: Lagun batek behin galdetu zidan ea norekin jotzea gustatuko litzaigukeen, eta fantasia moduan Etxekalte aipatu nuen. Gerora, beraiekin jotzeko aukera izan genuen, eta modu naturalean harremana egiten joan ginen. Abesti bat elkarrekin egiteko proposatu genien.
U.E.: Noizean Behin abestian asko inplikatu ziren Etxekalte taldekoak, beraien entsegu lokalera gonbidatu gintuzten, konposaketan parte hartu zuten. Beti modu naturalean izan dela diogu, baina, barrenetik, ‘ai, ama!’ genioen.
Estudioko soinua asko findu duzue lan honetan. Horri buruz, zer esan dezakezue?
P.B.: Jurgi Taboadarekin ezagutu genuen zer zen estudio bat, soinu indartsua zer den. Gerora, hainbat aukeren artean, gure soinuarentzako aproposena Eñaut Gaztañagaren Gaztain estudioa zela iruditu zitzaigun.
U.E.: Peruri izugarri gustatzen zaio Ezpalak taldearen bateria soinua.
P.B.: Guretzako estilo aproposa zen; datak adostu eta hiru egunetan egin genuen diskoa. Asko disfrutatu eta ikasi genuen.
U.E.: Eñautekin hizketan normaltasun osoz aritzen ginen, baina, barrenean, miresmen handia diogu. Oso eroso sentitu gara eta besteak beste, gitarra pedal efektuekin jotzen asko ikasi dugu.
«Hiru taldekide ginela pentsatuta idatzi genuen diskoa. Horrek nondik jo erabakitzen lagundu digu»
Peru Blanco, Indabeko musikaria
Disko aurkezpena formatu akustikoan egin zenuten Antiguako Platero tabernan. Zergatik formatu hori?
P.B.: Zerbait berezia eta ezberdina egin nahi genuen, gertukoa eta lagunartekoa. Publikoa gu ikustera zetorrela sentitu genuen, ez parrandan zegoelako edo beste talde bat ikusteko asmoz.
U.E.: Aukera izan genuen abesti tartean hitz egin eta aurkezteko, normalean ez daukagu ohitura hori. Abestia askoz bereziago bihurtzen da zeri buruz ari den dakizunean.
P.B.: Argi genuen auzoan izan behar zuela aurkezpenak, gure elkargune batean.
U.E.: Talde gisa egin dugun bidean garrantzi handia izan du Antiguak.
P.B.: Hemen hazi da Indabe, inguruko jendeari esker, batez ere.
Zer suposatzen du disko baten autoekoizpenak?
P.B.: Autoekoizpena ez da aukera kontzientea izan. Abestiak genituen eta euskarri fisikoa eman nahi izan diogu. Emaitza polita zela ikusita, zerbait ukigarria nahi genuen.
U.E.: Ez dugu beste baten esku utzi gu geu egiteko gai ginela uste genuelako. Prozesu horretan parte hartzea polita iruditzen zitzaigun. Diskoa saldu nahi baduzu, politagoa da eskura banatzea. Abestietan ilusio handia jarri dugu, baina, disko fisikoari ere ordu pila eskaini dizkiogu. Gaur egun, kristoren pena ematen du disko asko soilik streaming plataformetan ikusteak. Diskoa fisikoan ere argitaratzea bada kontzienteki egindako zerbait.