Jacinto Polo Rios Donostiako miliziano anarkistaren gorpuzkiak identifikatu dituzte

Gogora Institutuak koordinatutako Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programa-ren barruan, Jacinto Polo Rios miliziano anarkista donostiarraren gorpuzkiak identifikatu dituzte Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) hilerrian. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak, hilerri horretan identifikatu duten bosgarren milizianoa dela nabarmentzearekin batera.
Azaldu dutenez, Polo 1936ko abenduaren 4ean hil zuten, Otxandioko frontean (Bizkaia), 20 urte zituela; CNT sindikatu anarkistarekin lotutako Malatesta batailoiko kidea zen. Sindikatu horren datu baseko informazioaren arabera, Sacco eta Vanzetti batailoietan ere borrokatu zen.
Familiari identifikazioaren berri eman dio Jaurlaritzak eta gorpuzkia Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan lurperatzeko nahia agertu dute senideek, modu pribatuan. Gipuzkoako CNTko kideek hedabide honi azaldu diotenez, “prentsaren bidez” izan dute identifikazioaren berri, ez baitute jakinarazpen ofizialik jaso.
Euskal Prospekzio Taldeak, 36ko gerrako biktimen balizko ehorzketak aurkitzeaz arduratzen den heinean, parte hartu du proiektuan. Era berean, Aranzadi Zientzia Elkartea gorpuzkiak hobitik ateratzeaz eta auzitegi azterketa egiteaz arduratu da eta EHUko Biomics laborategia familiak emandako DNA laginak aztertzeaz eta erkatzeaz arduratu da.
149 gorpuzki
2023an egin zuten Amorebieta-Etxanoko hilerriko milizianoen gorpuzkiak hobitik ateratzeko lehenengo kanpaina ofiziala eta aste honetako astelehenean abiatu zuten bosgarrena. Denbora horretan, guztira, 149 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dituzte hilerrian, horietako 22 azken kanpaina horretan, oraindik amaitutzat eman ez dutena. Poloren gorpuzkiak, bestalde, 2024an atera zituzten lurpetik.
Donostiarrarekin, bost dira identifikatzea lortu duten gorpuzkiak, 149 horietatik: Adolfo Cengotitabengoa Izurza, Muskizkoa (Bizkaia); Jaime Iñiguez Nieva, Ortuellakoa (Bizkaia); Enrique Contreras, Linaresekoa (Jaen, Andaluzia) eta Aretxabaletakoa (Gipuzkoa); Benigno Hierro Pinedo, Ortuellakoa (Bizkaia) eta Jacinto Polo Rios, Donostian jaioa.
Jaurlaritzaren arabera, Cengoitabengoa, Iñiguez eta Hierro Euskadiko Alderdi Komunistari atxikitako Perezagua batailoiko milizianoak ziren, eta egun berean hil ziren, 1937ko apirilaren 7an, Barazarko frontean. Contreras, aldiz, EAJri atxikitako Sarasketa batailoiko gudaria zen, eta apirilaren 6an hil zen, Diman, Barazar inguruan (Bizkaia). “Zonaldeak eta datak bat datozela ikusita”, Gogora Institutuak fronte horietan desagertutako gudularien senideak beraiekin harremanetan jartzera deitu ditu, gogora@euskadi.eus helbidean edo 944-03 28 45 telefonoan.