Jazzaldiarekin batera itzuliko da Altxerri aretoa

Orain bai, Donostiako jazz zaleen Altxerri taberna eta kontzertu areto maitatua bueltan da. Espazioak berak sare sozialetan iragarri duenez, 60. Jazzaldiarekin batera irekiko ditu berriz ateak: “Ez dugu Jazzaldiaren 60. edizioa ospatzeko modu hoberik aurkitu Donostiako jazz kobazuloa berriro irekitzen baino”.
Horrela, hilaren 23an irekiko dute Altxerri, eta hilaren 27ra bitarte, egunero kontzertuak izango dituzte, 19:30etik 21:30era. Hilaren 23an, 24an, 26an eta 27an David Cid Trio jazz hirukoteak joko du, egun bakoitzean gonbidatu desberdinekin. 25ean, aldiz, Peru Eizagirrek eta Alvaro Fernandez Gabiriak joko dute, horiek ere gonbidatu bereziekin. Hortik aurrera, Donostiak bere kontzertu areto historiko eta estimatuenetako bat berreskuratuko du.
40 urteko historia
Altxerri 1983an ireki zuten Raquel Martinez Ubagok eta beste kide batzuek. Urtetan taberna, musika eskaintza eta arte galeria mantendu ondoren, 2022ko udan Egiako Dabadaba aretoko arduradunek hartu zuten establezimenduaren kudeaketa.
2023an, 40 urte bete zituen Altxerrik, eta urte bereko abenduaren 31n itxi zuten. Ia bi urteren ondoren, aurtengo maiatzean, aretoa berriz irekitzekoak zirela argitaratu zen.