Jazzaldiko «bizipenez eta oroitzapenez» beteriko erakusketa inauguratu dute
60 urte beteko ditu aurten Donostiako Jazzaldiak, sei hamarkada horietako jaialdien argazkiekin osatutako erakusketa jarri dute San Telmo museoan.

Jazzaldia. Irudi bidaia erakusketa antolatu dute San Telmo museoak eta Jazzaldiak, museoko Laborategia aretoan. Donostiako jazz jaialdiaren 60. urteurrenaren harira prestatutako erakusketa da, 1966ko lehenengo Jazzalditik 2024kora bitarteko 200 argazkitik gora biltzen dituena. Irailaren 28ra arte egongo da ikusgai.
Lolo Vasco Jazzaldiko argazkilariak egin ditu erakusketako komisario lanak, eta bere argazkiez gain, beste hamalau argazkilariren irudiak ere badaude erakusketan: Antonio Alonso, Iñaki Agirre, Hilario Garrudo, Pedro Parraga, Jose Horma, Davit Amunarriz, Inma Casanellas, Joan Cortes, Guille Garcia, Jokin Fernandez, Iñaki Luis, Antonio Torres, Pepe Mateo eta Juan G. Andres.

Donostia Kulturako zuzendari Jaime Otamendi, Jazzaldiko zuzendari Miguel Martin, erakusketako komisario eta Jazzaldiko argazkilari Lolo Vasco eta San Telmo museoko zuzendari Susana Soto, erakusketaren aurkezpenean.Beñat Parra
Vascok, hunkituta, nabarmendu du “ohorea” dela berarentzat erakusketako komisarioa izatea, eta esker hitzak izan ditu antolaketan parte hartu duten guztientzat; bereziki, Jazzaldiko zuzendari Miguel Martinentzat eta aipaturiko argazkilarientzat. Azaldu duenez, “argi” zeukan Jazzaldiko historiako “ibilbide kronologiko bat baino, ibilbide emozional bat” izan zuela erakusketak, bizipenez eta oroitzapenez beterikoa: “Espero dut argazki bakoitza norbaitentzat izatea Jazzaldian bizitako momentu berezi bat gogoratzeko eta berriz bizitzeko aukera bat”. “Jaialdia bezala, erakusketa heterogeneoa da, kolore, erritmo, musika eta agertoki guztiak islatzeko”, gehitu du.
Ildo beretik jo du Martinek, eta azaldu du duela 28 urte ezagutu zuela Vasco: “Bere izaera eta figura funtsezkoa da erakusketa honetan. Lolo bihotza da”. Susana Soto San Telmo museoko zuzendariak, bestalde, jaialdiaren eta museoaren arteko elkarlana goraipatu du. Izan ere, 2011n museoa berritu zutenetik, jaialdiko agertokietako bat da bertako klaustroa, eta 2015ean ere, jaialdiaren 50. urteurrenean, beste erakusketa bat antolatu zuten elkarlanean.



















