«Pribilegiatuak gara, eta daukaguna baloratu behar dugu»
Ane Acha Insausti (Gros, 1999) Boli Kostako Akwaba etxean egon zen iaz, kooperante lanetan. Proyde Proega Gobernuz Kanpoko Erakundearekin bidaiatu zuen hara, eta hilabete eman zuen, uztailaren 8tik abuztuaren 10era. Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntzak eskaintzen ditu urtero kooperante gazteentzat, eta horrelako laguntza batekin bidaiatu zuen Achak.

Nolakoa izan da zure ibilbidea kooperazioan hasi aurretik?
Ni Grosekoa naiz, eta Donostian ibili izan naiz beti. Filologia Hispanikoa ikasi nuen unibertsitatean, Gasteizen, eta ondoren, Irakaskuntza masterra egin nuen. Gaur egun, irakaslea naiz.
Zerk bultzatu zintuen kooperazio lanetan parte hartzera?
Betidanik, ikastolan, familian, parrokian… kooperazioari lotuta ibili izan naiz, eta begirale ere aritu naiz gazteekin. Ondoren, proiektu txikietan ibili naiz, auzolandegietan, etab. Beti izan dut txispa hori, eta Boli Kostara joan aurretik, Zaporeak-ekin ere izan nintzen Lesbosen pare bat aldiz.
Noiz izan zinen Lesbosen?
Lehen aldiz, 2022ko abuztuan joan nintzen, eta ondoren, 2023ko otsailean bueltatu nintzen. Oraindik ikasten ari nintzen, eta oporrak har nitzakeenez, aprobetxatu egin nuen.
Boli Kostara joateko aukera nola sortu zitzaizun?
Proyde Proega fundazioaren bidez. Lasalletarren Gobernuz Kanpoko Erakundea da, eta beraiek Gipuzkoako Foru Aldundiak kooperanteei ematen dieten diru laguntzaren berri eman zidaten. Izan ere, boluntario gisa, bakoitzak bere bidaia, asegurua eta dena ordaindu behar du, eta aldundiari beka eskatu nion eta zortea izan nuen. Hala ere, nire kasuan, alderantziz izan zen. Lehenengo, proiektua topatu nuen, eta ondoren eman zidaten diru laguntza.
Nola topatu zenuen proiektua?
Nahiko kasualitatez izan zen. Behin, Boluntarioen Eguna Zarautzen ospatu zuten, eta GKE bakoitzak bere postua jarri zuen, jendeari azaltzeko zer egiten zuten erakunde bakoitzean. Ni Zaporeak-ekin nengoen, eta ondoan, Proyde Proega zegoen. Esan bezala, Lasalletarrena da, eta nik Lasallen egin nuen Batxilergoa. Beraiei esan nien bertan ikasi nuela, eta frantsesez banekiela bazekitenez, Boli Kostara joatea eskaini zidaten. Hori apirilean izan bazen, urte horretako irailean nirekin harremanetan jarri ziren, hurrengo urteko udan joateko. Pentsatu nuen aukera ona zela, horrelako gauzak gustatzen zaizkidalako eta jendea behar zutelako. Horrela animatu nintzen.
Non eta zenbat denboraz egon zinen bertan?
Hilabete pasatu nuen Abidjanen. Ez da hiriburua, baina bai hiri handienetako bat. Hala ere, ez nengoen erdigunean, auzo periferiko batean baizik. Oso txiroa zen leku hori, eta Akwaba izeneko etxean egon nintzen. Bertako hizkuntzan ongi etorri esan nahi du, eta kaleko haurrak hartzen zituzten etxe horretan. Denetarik zegoen, baina izan zitezkeen droga munduan zeudenak, prostituziotik ateratako haurrak, kartzelatik ateratakoak edo gurasoek jotzen zituzten haurrak. Etxe hori, azkenean, beraien etxe bihurtzen zen. Lotarako tokia, jana eta hezkuntza eskaintzen zizkieten.
Nolakoa zen zure lan egun bat bertan?
Bilboko beste bi neskekin joan nintzen, eta lehen egunetan opor garaia ez zenez oraindik, haurrek eskolak zituzten. Orduan, eskolak eman genizkien, eta nik frantsesez badakidanez, hizkuntza horretako aditzak irakasten nizkien, besteak beste. Ondoren, oporretan zeudenez, haiekin egon eta jolasak egiten genituen. Bigarren astea zen, eta geure buruari galdetu genion ea zertara joan ginen hara, ez zigutelako esaten zer egin behar genuen. Azkenean, ohartzen zara zure funtzioa konpainia egitea dela, eta izan ez duten familiaren rola betetzea.
Nolako eragina izan zuen beraientzat zu bertan egoteak?
Nik argi daukat ez nuela ezer aldatu, eta haiek berdin jarraitzen dutela. Egia da, hasiera batean, joaten zarela pentsatzen zer erakutsi diezaiekezun edo eredu ona izango ote zaren. Baina lehenago bertan egondako pertsona batek esan zidan bertan naizen bezalakoa izan behar nintzela eta ez nuela beraien bizitza aldatuko. Horrez gain, beraiek ere niri gauzak irakasten uzteko esan zidan, ni ez nintzelako haiei gauzak irakatsi behar zizkien bakarra. Nik uste dut beraiei transmititu eta ekarpena egin niela, eta horren froga argia azken eguneko negarrak dira. Beraien bizitzak berdin jarraituko du, baina uste dut hilabete horretan gustura egon zirela nirekin, eta horrekin gelditzen naiz.
«Ohartzen zara zure funtzioa konpainia egitea dela, eta izan ez duten familiaren rola betetzea»
Nolako harremana zenuen hango jendearekin?
Kulturarteko sekulako aldeak daude, eta hizkuntza aldetik, nahiz eta nik frantsesez hitz egin, oso desberdina da, ahoskeragatik. Ohiturei dagokienez, beraiek oso sinestunak dira, eta elkarrekin bizi dira musulmanak eta kristauak. Horrez gain, animistak ere badaude, eta mezetara eta erritu guztietara joaten ginen beti. Bestalde, tratua oso atsegina zen haiekin, eta oso harrera ona egin ziguten. Harreman lagunkoia genuen eta behar genuenerako prest zeuden beti.
Komunitatearen zein ohiturak harritu zintuen gehien?
Eskuarekin jateak, adibidez. Ohartu nintzen batzuetan pentsatzen dugula eskuekin jaten dutela ez dutelako mahai tresnarik, baina ez da hala. Mahai tresnak badituzte, baina jaten duten janariaren arabera erabiltzen dituzte. Adibidez, arrozaren antzeko zereal bat eskuarekin jaten zuten, baina ondoren, arroza sardexkarekin jaten zuten. Hango janariarekin ohitzea asko kostatu zitzaidan, are gehiago, ez nintzen erabat ohitu eta tripako minez egon nintzen. Dutxatzeko ere, askotan, urez betetako balde bat erabiltzen zuten, nahiz eta iturriak eduki. Garbitasunari dagokionez, ohitura zuten zerbait jan ostean lurrera botatzekoa. Gure etxeak lursail handia okupatzen zuen, eta lursail hori garbi-garbia zegoen, baina eremu horretatik ateraz gero, hiria oso zikina zegoen.
Nolakoa da bertako pertsonen egoera adinari eta sexuari dagokionez?
Gizartea oso matxista da. Akwabako monitoreei tonton deitzen zieten, eta gehienak gizonak ziren. Emakumeren bat baldin bazegoen, sukaldaria zen. Gizonak lanean aritzen ziren, eta emakumeak, etxean, janaria prestatzen. Gazteei dagokionez, nik etxe horretan hartu zituztenak ezagutu nituen, eta haiek bazuten ikasteko aukera. Hala ere, diziplina bat jarraitu behar zuten: 06:00etan jaiki behar ziren, etxea garbitu behar zuten, ondoren otoitz egin eta jarraian, eskolara joan. Errutina bat zuten, eta batzuei hori ez zitzaien gustatzen, eta agian, nahiago zuten kalean egon. Baina kalean zeuden neska-mutilen egoera eskasa zen. Ikasten dutenek aukera dute ondoren unibertsitatera joateko, eta batez ere, mutilak joaten ziren.
Zein izan zen zuretzat egonaldiko unerik gogorrena?
Bigarren egunean, pertsona batek ume bati zauri bat sendatzen laguntzeko eskatu zidan, eta orkatila ondoan sekulako zuloa zeukan. Haurra negarrez zegoen, eta gaizki pasatu nuen, jakinda, gainera, odolak atzerakoa ematen didala. Horrez gain, botikak gozokien modura banatzen zituzten tonton-ek, amoxicilina adibidez. Niri estutasuna sortzen zidan hemengo ikuspegiarekin beraien ohitura horietan sartzeak, eta gaizki pasatzen nuen haurrei horrelako medizinak batere kontrolik gabe ematen zizkietela ikusten. Orkatilan zuloa zuen haurraren kasuan, esan nien hobe zela ospitalera joatea, eta hurrengo egunean, 41eko sukarrarekin, ospitalera eraman genuen. Ospitaleak udako igerilekuetako aldagelen itxura zuen. Haurrari merkuriozko termometro bat eman zioten, erori egin zen, eta apurtutakoa hankarekin alde batera botatzea izan zen garbitzeko modua. Ez zegoen higienerik bertan. Bestalde, gaizki pasatu nuen haurrak jo egiten dituztela ikusten. Makilekin jotzen dituzte, haurrek ezer egin gabe. Eta ez da etxe horretako gauza bat soilik, orokorrean, leku guztietan egiten zuten. Guri hara joan aurretik esan ziguten hemengo begiekin ezin dugula hango errealitatea epaitu, baina hori ikustea asko kostatzen zitzaigun. Agurra ere gogorra izan zen, ea itzuliko nintzen edo maletan ekarriko nituen galdetu zidaten, besteak beste.
«Boli Kostan harreman lagunkoia genuen hangoekin, eta oso harrera ona egin ziguten»
Nolako eragina izan du esperientzia honek zure bizitza pertsonalean?
Alde batetik, Donostiara itzuli nintzenean, Aste Nagusia zen, eta ez nuen gogorik kalera ateratzeko. Ez nituen haurrak sufritzen ikusi Boli Kostan, baina euren hutsunea nabaritzen nuen. Bestetik, han modu apal, xume eta txiroan bizi izan nintzen, eta hona itzuli eta ditugun luxu guztiak ikusteak gaizki sentiarazi ninduen pixka bat. Gu pribilegiatuak gara, eta Boli Kostakoak egun batzuk dira soilik. Horregatik, daukaguna baloratu behar dugu, eta duguna aprobetxatu behar dugu berandu izan baino lehen. Ezin dugu ezer segurutzat eman, izan ere, guretzat iturritik ura ateratzea edo egunero jatekoa izatea normala da, eta beste askok, zoritxarrez, ez dute aukera hori. Bestalde, esperientzia horrek indarra eta motibazioa ematen dizu hemendik ere jarraitzeko gauzak egiten, hemen ere beharra duen jendea badagoelako. Gainera, harremanetan jarraitzen dut hainbatekin, helduenek bazutelako mugikorra.
Hemen bertan ere egin daiteke kooperante lana beraz, ezta?
Bai. Batzuetan, oso polita gelditzen da urrutira joatea, baina niri ez zait gustatzen pertsona zuri/laguntzaile paper hori. Hona itzuli, zure bizitzarekin berdin jarraitzea eta urruti egon izanaz harro egotea pixka bat arraroa egiten zait. Lesbosen egon nintzenean ere ohartu nintzen hemen bertan antolatu behar direla janari bilketak, adibidez. Gaur egun, Kaleko Afari Solidarioetan nabil, eta hori ere bada beste ekintza sozial bat, gero eta okerrago ikusia dagoena, gainera.
«Hara joan aurretik, esan ziguten hemengo begiekin ezin dugula hango errealitatea epaitu»
Nola eraman duzu KASekin gertatu zen polemika guztia, Egian afariak debekatu ostean?
Hau nire iritzia da, baina hasieran, taldea alde batetik gaizki zegoen, Egiatik bota gintuztelako eta udalak ez zigulako laguntzen. Baina bestetik, jendea pozik zegoen pentsatzen zuelako polemikaren ostean jende gehiagok ikusi eta jarraitzen gintuela, eta boluntario gehiago genituela. Baina hori lehenengo asteetan zen, eta hau nire iritzia da, berriz diot, taldeko batzuek ez dutelako hori pentsatzen. Baina ni horra ez noa nire hobbya delako, baizik eta benetan behar bat dagoelako, eta nire ustez, ardura hau udalak hartu behar du. Ez da gure lana hor egotea, eta ez ditut boluntario gehiago nahi, behar horiek ase behar dituenak asetzea baizik, boluntariorik behar izan gabe.
Zure ustez, zeintzuk dira kooperazioak dituen mugak edo arriskuak?
Nire kasuan, Akwaba etxea nahiko eremu handia zen, baina handik tonton batekin atera behar genuen beti. Hemen pertsona beltzak ikusteak ez zaitu harritzen, baina han pertsona zuri bat egoteak harritu egiten du jendea. Nik ere jendearen arreta piztu nuen aireportutik atera nintzenean, eta espero nuen. Neska eta gaztea izatea arriskutsua zen, eta adibidez, emakume guztiak hurbiltzen zitzaizkidan eskua ematera. Mutilek, berriz, piropo desatseginak esaten zizkidaten, eta haurren batek negar ere egin zuen gu ikusterakoan. Hemen ere, haurrei pertsona beltz handi batek beldurra edo inpresioa eman diezaieke, eta han berdina gertatzen zen zuriekin. Guri esan ziguten ez joateko Europakoak garelako beraiek baino gehiago dakigula pentsatzen, eta hango egoerara moldatu behar ginela. Etikoki gaizki ikusten genituen gauzak ezin genituen moztu, eta muga hori jarri behar da, han zu zarelako arrotza. Bestalde, arrisku moduan, esan ziguten afektiboki ez inplikatzeko gehiegi, soilik hilabete egongo ginelako, eta bueltakoan, gaizki pasatzeko aukera gehiago daudelako. Hala ere, ni ez nintzen freno horrekin joan.
«Esperientzia horrek indarra ematen dizu hemendik ere jarraitzeko gauzak egiten»
Laguntza humanitariorako baliabide gehiago behar al dira?
Laguntza humanitarioa indartzeko dirua behar da gobernuen aldetik. Boli Kostan, adibidez, egiturak hobetzeko, janarirako, hezkuntzarako… dena hobetzeko dirua behar da. Noski, GKE-k egin dezakete, eta gure donazioak jaso ditzakete, baina azkenean, gobernuen esku dago gehiago. Pentsatu dezakezu eraginkorra zarela hara dirua bidaltzen, baina bestalde, hemengo pertsonen eta benetan lan egiteko gogoa duten pertsonen beharra ere badute. Gaur egun, oso modan dago boluntario turismoa egitea, baina bitan kasu egin, eta jendeak alde egiten du hortik. Guk ez genuen ia turismorik egin, bertan egon behar delako laguntzen. Horretarako, ordea, gaitasuna izan behar duzu boluntariotza ordaintzeko, izan ere, nik ez nuen aldundiaren beken berri hasiera batean, eta nik egin behar nion aurre ekonomikoki bidaiari, aseguruari eta txertoei. Beraz, aldundiko diru laguntza hau ondo dago alde horretatik. Ez zidaten bidaia osoa ordaindu, baina ia guztia bai, eta oso pozik nago jasotako diru laguntza horregatik.
Gomendatuko zenioke jende gazteari kooperante izatea?
Bai. Ekarpen handia egin dezakegu, eta asko jaso dezakegu, baita ere. Hemendik kanpo dagoena ezagutzeko ere paregabea da, ikusteko zein pribilegiatuak garen, eta hemen duguna gehiago baloratzeko. Ikaskuntza gisa, askotan errepikatu izan diot jendeari, ez dugula ezer segurutzat eman behar, eta hemen duguna baloratu behar dugula berandu izan baino lehen. Izan ere, guk ez dugu merezi jaso dugun eta hemen ditugun bizitza eta luxuak, eta beraiek ere ez dute daukaten bizitza hori izatearen errurik.

Kooperante gazteentzat beka deialdi bat du abian aldundiak
Gipuzkoako Foru Aldundiak 30 urtetik beherako kooperante gazteentzako beka programaren beste edizio bat aurkeztu du aurten, urteroko legez. Izen ematea itxita dago dagoeneko, eta uztailaren erdialdean emango dute behin betiko ebazpenaren berri.
Aurreko edizioetan bezala, laguntza horren aurrekontua 20.000 euro da guztira, eta gehienez 2.000 euro eskatzaile bakoitzeko. Eskabidea, ezaugarriek ahalbidetzen badute, Internet bidez aurkezten da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez, diru laguntzen atarira sartuz eta horretarako dagoen formulario espezifikoa erabiliz.
2016tik (2020an eta 2021ean izan ezik, pandemiaren ondorioz), programak aukera eman die 67 gazteri lankidetza esperientzia bat egiten laguntzeko, guztira 130.000 euroko inbertsio metatuarekin. Urte hauetan zehar, bekei esker, egonaldiak egin ahal izan dira hezkuntzan, osasunean, arkitekturan edo ingurumenean Latinoamerikako, Afrikako eta Asiako hainbat herrialdetan. Zehazki, Nikaraguan, Guatemalan, Ekuadorren, Argentinan, Txilen, Perun, Brasilen, Bolivian, Mexikon, Kolonbian, Saharan, Tanzanian, Kongon, Kenian, Liberian, Kamerunen, Senegalen, Boli Kostan eta Bangladeshen.