Behi batek eraso egin dio Sara Alonso atletari, eta denboraldia bertan behera utzi behar izan du

Sara Alonso atleta donostiarrak bertan behera utzi behar izan du denboraldia, atzo, entrenatzen ari zela, behi batek eraso egin ostean. Entrenatzen hasi bezain laster, behi batek eraso egin zion atzo atletari, eta gorputzean traumatismoak eragiteaz gain, seigarren saihets hezurra hautsi zion.
Alonsok Instagrameko kontuan azaldu zuenez, atzo izan zezakeen “amesgaiztorik okerrena” da ezbehar hori, eta “suntsituta” dagoela adierazi zuen. “Nire bizitzako egoera beldurgarrienetako bat pasatu dut, eta une batean pentsatzen nuen adarkadaka jarraituko zuela ni hil arte…”, idatzi zuen atletak sare sozial horretan.
Istripuaren ondorioz, Alonsok ezingo du FontoRomeu-n eta Sierre Zinal-ean aritu, eta ezta bere aurtengo “erronkarik handienean”, Montblanceko Ultra Trailean, ere. Hala ere, bere onera “azkar” itzultzea espero du Alonsok, eta Canfranceko mundialean eta Golden Trail World Serieseko finalean egon ahal izatea.