Desazkunde turistikoaren aldeko Euskal Herriko topaketak antolatu dituzte Donostian

Euskal Herriko hiri, herri eta eskualdeen turistifikazioari aurre egiten dioten pertsonen eta taldeen topaketak antolatu dituzte Donostian, urriaren 24an eta 25ean. “Helburuak izango dira: elkar ezagutzea, esperientziak partekatzea eta gogoeta kolektiboa egitea”, nabarmendu du topaketen antolatzaile Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko plataforma donostiarrak. Topaketarako gaiak proposatu ditzake edonork, plataformaren webguneko inkestaren bidez.
Bizilagunekinek nabarmendu du turistifikazioak “forma desberdinak” hartzen dituela Euskal Herriko txoko bakoitzean, “turismo industriak eta bere zerbitzura diharduten indar ekonomiko, instituzional eta mediatikoek sustatzen duten turismo ereduaren arabera: hirietakoa, kostakoa, landakoa, gastronomikoa, kulturala, elitekoa, parrandakoa…”. Baina, argi dute “ondorio kaltegarri larriak” eragiten dituela toki guztietan: “Etxebizitza garestitzea, natura suntsitzea, elitizazioa, lan prekarietatea… Horren guztiaren aurrean, indarrak batu eta desazkunde turistikoaren bidetik alternatibak eraikitzeko unea da”.
Azaldu dutenez, bi eguneko egitarauan “ikasteko, eztabaidatzeko eta estrategiak pentsatzeko tarteak egongo dira”: “Hitzaldiak, mahai inguruak eta tailerrak antolatuko dira”. Datozen hilabeteetan emango dituzte xehetasun gehiago.