Donostiako Klasikoan lehiatuko diren taldeen zerrenda aurkeztu dute
Munduko 24 talde hoberenak lehiatuko dira abuztuaren 2an hiriko lasterketa nagusian.

Donostiako Klasikoan parte hartuko duten taldeen zerrenda argitaratu dute: 24 talde izango dira, 168 txirrindulari, guztira. Klasikoa abuztuaren 2an izango da, eta 11:20ean abiatuko da. Irteera eta helmuga toki berdinean izango da, Bulebarrean, eta bertara iristeko 211 kilometroei aurre egin beharko diete txirrindulariek. Aurten, gainera, berritasun batekin: Murgil bideko igoera berreskuratu dute.
UCI World Tour mailako hemezortzi taldeak ariko dira lasterketan, besteak beste, Alpecin-Deceuninick, Cofidis edo Movistar Team. Talde hauek UCI WorldTour egutegiko lasterketetan nahitaezko partaidetza dute eta Mathieu Van der Poel, txirrindulari belgikarra eta Jai Hindley australiarra aurkitu daitezke bertan. Gainera, Marc Hirschi suitzarrak, lehengo urteko irabazleak, berriro parte hartuko du Tudor Pro Cycling taldearen izenean.
UCI rankingak hiru talde sailkatu ditu lasterketarako, hala ere, bakarra lehiatuko da Klasikoan: Uno-X Mobility, Norvegiatik datorren taldea. Halaber, antolakuntzak bost talde gehiago gonbidatu ditu: Burgos BH Burpellet, Caja Rural-Seguros RG, Equipo Kern Pharma, Euskaltel Euskadi eta Tudor Pro Cycling Team.
Abuztuan, munduko txirrindulari hoberenak elkartuko dira Donostian. Ibilbide gogorra izango dute, izan ere, 4.150 metroko desnibel positiboa izango dute eta sei mendate igo beharko dituzte: Andazarrate, Urraki, Alkiza, Jaizkibel, Erlaitz eta Murgil.