Illunben aisialdirako gunea bota dute
27 urte ondoren, Illunben kokatuta zegoen aisialdirako gunea bota dute eta proiektu berria hasiko dute.

Illunben kokatuta zegoen aisialdirako gunea itxi zuten duela sei urte. Orain, eraikuntza guztiz bota dute, baina lekua ez dute hutsik utziko. Alde batetik, Miramonen dagoen parke teknologikoaren zabalkuntza eraikiko dute. Beste aldetik, musika eta kirol ekitaldiak antolatuko dituen pabiloia ipiniko dute, Illunbe Berria deiturikoa. Honek 1.500 pertsona jasotzeko gaitasuna izango du. “Illunbe hiri honek merezi duen erabilera askoko pabiloi bilakatuko da”, adierazi zuen Donostiako alkateak, Eneko Goiak, aurreproiektua aurkeztu zuenean, otsailean.
1998an ireki zuten aisialdirako gunea. Zinema, jatetxeak, parkeak eta bestelakoak aurkitzen ziren bertan. Hala ere, 2006an zinema itxi behar izan zuten, izan ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emakida legez kanpo zegoela aitortu zuen. Hurrengo urteetan, arrakasta handia izan zuten hainbat diskoteka ipini zituzten: Zibbibo, Mister White, Ilun, Blow, Irish disco, etab. Hala ere, lekuak gainbehera handia izan zuen eta gunea berpizteko saiakerak ez ziren nahikoak izan.
2016an saltokigune berria eraikitzeko asmoa izan zuten Illunbeko Behatokia izenpean. Obrak 2017an hasi behar ziren, baina udalak hainbat arazo izan zituen eta obren hasiera atzeratu zuten. Denbora tarte horretan, Garberara joan ziren printzipioz Illunben jarri behar zituzten dendak, horregatik, 2019an proiektua bertan behera gelditu zen. Gaur egun, Garbera da Donostiako saltokigune nagusia eta hasiera batean Illunbeko behatokiak izan behar zuen tamaina eta garrantzia guztiz gainditu du.