Suhiltzaileen zuzendaria «egon behar zuen lekuan zegoen» Muguruzaren kontzertuaren egunean, Ibaberen arabera

Donostiako Suteen Prebentzio eta Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko (SPEIS) zuzendariak bere postuari uko egin zion duela bi aste inguru, zerbitzuko langile batek bere aurka jarritako salaketaren ostean. Horren harira, adierazpenak egin ditu Martin Ibabe Segurtasun, Suhiltzaileetako eta Babes Zibileko zinegotziak gaur (hilak 14), udal batzordeen ostean. Nabarmendu du gertatutakoa argitzeko “ikerketa informatiboa irekita” dagoela, eta dena argitu arte, uko egin dio gertakariei buruz hitz egiteari.
Gogoratu behar da, El Diario Vasco egunkariak argitaratutako informazioaren arabera, suhiltzaileen zuzendariak bere semea suhiltzaileen uniformearekin sartu zuela ekainaren 14an Anoetan, Fermin Muguruzak eman zuen kontzertuaren testuinguruan. Ibabek ez du hori baieztatu ez ezeztatu: “Langile batek jarritako salaketa baten harira izan genuen ustez gertatutakoaren berri. Argitu beharko da. Salaketa barne mailako kanal batetik egin da, modu anonimoan, eta argitu arte ez dut horretaz hitz egingo”.
Hala ere, argitu nahi izan du berak bazekiela zuzendaria Anoetan zegoela egun horretan: “Argi esan nahi dut zuzendariaren presentzia Anoetan zerbitzuaren beharrengatik zela. Nik banekien han zegoela, hitz egin genuelako egunean bertan. Halako ekitaldietan normala da. Kasualitatez, gau berean Urnietan sute bati erantzun behar izan genion, eta zuzendaria horren berri izaten ari zen, beste zerbitzuan zegoen bitartean. Zuzendaria egon behar zuen lekuan zegoen”.
Horrez gain, zinegotziak azaldu du SPEISeko hurrengo zuzendaria izendatzeko izapideak martxan dituela udalak, eta izendatu bitartean “zerbitzua bermatuta” dagoela, “udal gobernu honen konfiantza handiko profesionalez osatuta baitago”.